Telekomunikazioak

Euskaltelen marka ez da desagertuko, eta bere egoitza Euskal Herrian geratuko da

Salmenta akordioaren klausula batek beto eskubidea aitortuko dio Kutxabanki aurrerantzean bi erabaki horiei buruz. Eusko Jaurlaritzak txalotu egin du akordioa, eta oposizioak gogor kritikatu du gobernuak azken urteetan jokatu duen rola.

Bi pertsona Euskaltelek Derioko parke teknologikoan(Bizkaia) duen egoitzaren aurrean paseatzen, astelehen honetan. MIGUEL TOñA (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 28a
21:27
Entzun

Euskaltelek ez du alde egingo; ez behintzat datozen bost urteetan. Denbora horretan euskal markak indarrean jarraituko du telekomunikazioen merkatuan, eta enpresak Euskal Herrian izango du egoitza fiskala. Gainera, aurrera begira, hori aldatu nahiko balitz, oraingo akziodunen %90en babesa beharko luke batzar berriak. Beste era batera esanda, Kutxabankek hitza eta botoa izango du erabaki horretan, aurrerantzean Euskaltelen akziorik izango ez duen arren —egun, %19,88 dauka—. Hala zehazten da MasMovilek Euskaltel erosteko egin duen eskaintzaren testuan. Ezohiko klausula horrek ziurtatuko luke Euskaltelen izena erabat ez desagertzea.

Mugimendu horrekin, halere, Euskalteleko oraingo akziodun nagusiek praktikan amaiera eman diote 1996an hasi zen istorioari; izena alde batera utzita, enpresaren erabakiguneetan sustrai txiki batzuk baino ez zaizkiolako geratuko Euskal Herrian: akziodun pribatu gutxi batzuk.

Euskaltel herri proiektu gisa abiarazi zuten erakundeek, zaintza politikoarekin eta erabaki gunea bertan errotzeko borondate irmoarekin. Baina hori guztia bukatzen hasi zen 2015ean, enpresa burtsaratzearekin batera, eta, bereziki, orain bi urte, Zegona Erresuma Batuko inbertsio funtsak Euskaltelen kontrola hartu zuenean, Kutxabankek bere akzioen %30 burtsan saldu ondoren. Ordutik, askotan aipatu da talde handi batek irensteko aukera zegoela, halako funtsen helburua zera delako, beren inbertsioari luze gabe etekina ateratzea eta enpresa laster uztea.

Bada, hori gertatu da. Ezustekorik ezean, Espainiako laugarren telekomunikazio operadorearen esku geratuko da Euskaltel. MasMovil Euskal Herrian sortu zen, eta Donostian du egoitza soziala, baina anekdota bat baino ez da hori, ez baitu aktiborik Euskal Herrian. Konpainia Madrildik zuzentzen dute, eta Lorca Aggregator holdingaren mende dago –Jerseyko paradisu fiskalean du egoitza–. Espainiako merkatuan hainbat operadore kudeatzen ditu: Yoigo eta Pepephone, esaterako. Iaz Guuk jarri zuen martxan, Euskal Herrirako.  Konpainiak azaldu du aurrerantzean bere markak eta Euskaltelenak «bateragarriak» izango direla: Galiziako R, Asturiasko Telecable eta, iaztik, Virgin Telco ere Euskaltelenak dira.

Euskaltelek MasMovilen izan dezakeen lekuari buruz mintzatu zen atzo Meinrad Spenger kontseilari ordezkaria. Nabarmendu zuen Euskaltelek esperientzia handia duela enpresen munduan, bezero handiekin, eta MasMovil gehiago dagoela etxebizitza merkatura bideratuta, azken kontsumitzaileetara. «Konbinazio hori oso erabilgarria izan daiteke, eta Euskaltelek Espainia osorako gida dezake MasMovil taldearen ekimena enpresa segmentuarentzat», esan zuen Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Marka eta egoitza mantentzearekin batera, Spengerrek hitzeman zuen MasMovilek Euskaltelen lantaldeari ere eutsiko diola.

MasMovilek igandean jakinarazi zuen akordio batera iritsi dela Euskaltelen akzioen %52,32ren jabeekin: Zegonarekin, Kutxabankekin eta Corporacion Albarekin. Operazioa ixteko, kapital sozialaren %75eko babesa izan beharko du, eta, horretarako, eskaintza ekonomiko erakargarria egin die gainerako akziodunei: akzio bakoitzeko 11,17 euro ordainduko die: hau da, euskal konpainiak azken sei hilabeteetan izan duen kotizazioaren batezbestekoa baino %26,8 gehiago. Astelehen honetan, burtsa ixtean, 11,15 euro balio zuen akzioak, erabakia jakinarazi aurretik baino %15,95 gehiago. Prozesua amaitzeko urte erdi beharko dela kalkulatzen da.

Guztira, 2.000 milioi euro inguruko kostua izango du. Oraingo prezioan egingo balitz, Kutxabankek ia 400 milioi euro patrikaratuko lituzke. Euskal bankuak uste du operazioa «ona» dela, adostutako klausulak Euskaltelen erroak Euskal Herrian geratzea «bermatzen» duelako eta enpresaren «iraunkortasuna» ziurtatzen duelako.

«Espoliazioaren amaiera»

Salmentak Jaurlaritzaren babesa ere badu. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak nabarmendu du egoitza soziala eta fiskala mantentzea adostu dutela saltzaileek eta erosleak. Confebaskentzat ere «positiboa» da hori.
Enpresarien artean denek ez dute iritzi bera. Kritikoena Jose Angel Corres Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea eta Euskalteleko kontseilari ohia izan da. «Euskadirentzako ez da ona», adierazi du, eta zalantzan jarri du Kutxabankek eta Jaurlaritzak izan duten rola. Uste du CAFen eta Kaikun egin zuen bezala, Jaurlaritzak enpresetan parte hartzeko duen funtsa erabil zezakeela.

Sindikatuak haserre agertu dira, eta langileek zalantzak agertu dituzte. Euskalteleko langile batzordeak —CCOOk du gehiengoa— esan du espero duela MasMovilek hitzemandakoa betetzea eta enpleguari eustea. LAB sindikatuak Tapia sailburuari leporatu dio Euskaltelen «pribatizazio eta espoliazio prozesua amaitzea». ELAren arabera, Jaurlaritzak agerian utzi du zein den bere  «benetako industria politika»: «Enpresa estrategikoak inbertsio funtsen kontrolpean jartzen laguntzea».

Legebiltzarreko oposizioak ere EAJri leporatu dio Euskaltelen erabakigunea Euskal Herritik kanpo geratu izanaren erantzukizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.