Habitat arloko enpresek klusterra sortu dute

Basque Living ekitaldia antolatu dute Kursaalean etxebizitza, bulego eta espazio publikoetarako hornidura sortzaileek

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Krisialdi garaian hobe da inguruko arerioak lankide bihurtzea eta lehiakideak, berriz, kanpoan bilatzea. Horixe izan da habitat sektoreko enpresak Habic klusterrean elkartzea ekarri duten arrazoi nagusietako bat. Etxebizitza, bulego eta espazio publikoetarako hornidurak sortzen dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 65 enpresa eta erakunde daude Basque Habitat & Contract Cluster izenekoan.

Euskal industriako beste sektore batzuen aldean ezezaguna dirudien arren, eraikinetarako eta kaleko horniduren arloan300 enpresa baino gehiago eta 9.029 langile daude EAEn.Horietatik, hamarretik lauk klusterra osatzen duten enpresetako batean lan egiten dute. Habitat arlokoak enpresa txikiak badira ere, Habiceko presidente Yon Arratibelen esanetan, haien lantegietan 50 eta 150 bitartean daude.

Sektoreak iaz izandako emaitzen berri ere eman zuen Arratibelek atzo, Bilbon eginiko agerraldian. Guztira, 1.598 milioi euroren fakturazioa lortu zuten, Habicen bildutakoek %43,6 irabazi zutela, ia 700 milioi euro, alegia. Esportazioetan, berriz, sektoreak 163,6 milioi euroko salmentak izan ditu, eta 72,4 milioi eurokoak klusterreko bazkideek. Krisiaren hasierako galerak gainditzen hasi dira, «2008tik 2010era %5 inguruko hazkundea izan dugu, eraikuntzari lotutako enpresek merkatu berriak aurkitzea lortu dutelako».

Lurraldeka, Gipuzkoan daude Habic osatzen duten enpresa gehienak, 30 inguru. Araban, berriz, hogei bat dira, eta, Leire Aldabaldetreku klusterreko zuzendari nagusiak azaldu duenez, bulegoetarako horniduretan aritzen dira gehienak. Bizkaian, berriz, banaketa da nagusi proiektuan dauden hamabi enpresen artean.

Erakusleiho bakarra

Nazioartean saltzea da Habicen helburu nagusietakoa, eta, horretarako, hainbat irizpide diseinatu dituzte. Merkataritza plataforma bakarra osatzea da jorratutako bideetako bat, baina, horrekin batera, Basque Living ekitaldia da sektorearen apustu nagusietako bat. Gaur hasi eta bihar amaiera izango duen ekitaldian Frantzia, Belgika, Herbehereak eta Luxenburgoko adituak, banatzaileak eta kazetariak ekarri dituzte Donostiako Kursaalera, Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek eskaintzen dutena herrialde horietara zabaltzeko.

Klusterreko hogei enpresetako lanak «erakusleiho bakarrean daude, Basque Living markak zer eskain dezakeen ikus dezaten». Habiceko arduradunek azaldu dutenez, eraikuntzaren gainbehera gainditzeko «ezinbestekoa» dute nazioarteko merkatuetan zabaltzea.



Zenbakia

1.6000

Fakturazioa. Habitat sektoreko 300 enpresa baino gehiago ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1.600 milioi fakturatu zituzten iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.