Hainbat gazte eta ikasle mugimenduk greba orokorrera batzeko deia egin dute

Bat egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako grebaren oinarriekin, baina aldarrikapen propioak landu eta aurkeztu dituzte.

Manifestua aurkezteko agerraldia, gaur, Gasteizen. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
aitor biain
2019ko abenduaren 26a
15:23
Entzun

Hainbat gazte eta ikasle mugimenduk adierazi dute arrazoiak dituztela Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak datorren urtarrilaren 30erako deitu duen greba orokorrarekin bat egiteko, eta protestan parte hartzeko deia egin dute. Arlo ezberdinetako zenbait eragilek aldarrikapen propioak landu dituzte, eta manifestu batean bildu guztiak. Gaur aurkeztu dute idatzia, Gasteizen egindako agerraldi batean. 

Greba orokorrera deitzeko aldarrikapenei atxikimendua adierazi diete adierazpenean, baina hainbat gogoeta propio plazaratu dituzte. Izan ere, gogora ekarri dute gazteak «bereziki» kaltetuak izan direla azken urteetan aplikatu diren «politika neoliberalen» ondorioz. «Langile belaunaldi berrien bizi baldintzak eta eskubideak ezarri dituzte erasoaldiaren jopuntuan enpresariek, patronalek eta horien alde egin duten instituzioek». Nolanahi ere, nabarmendu dute «prekarizazio» prozesu orokorraren barruan gazteak ez direla «kasu bakan bat».

Manifestuan jaso dituzte «bizitza duin bat» izatearen aldeko aldarriak. Horien artean daude, esaterako, gizarte politika oro egokitzea; prekaritatea amaitzea; emantzipazioa erraztea; hezkuntza publikoa, doakoa, inklusiboa, euskalduna eta feminista bermatzea; feminismoaren instituzionalizazioa eta merkantilizazioa amaitzea; eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzea.

Adierazi dute ez direla geldi geratuko eta «ofentsibara salto» egingo dutela greba orokorrean. «Gazteak esaneko eta isilik nahi gaituzte. Baina argi utzi dugu ez garela makurtuko. Benetako eraldaketa sozialaren aldekoa da gure borroka». Eragile ezberdinen arteko «sinergiak» sortu eta greba orokorrean «lehen lerroan» parte hartzera deitu dituzte gazteak.

Sinatzaileen artean daude, besteak beste, hezkuntzaren, ingurumenaren, feminismoaren eta etxebizitza eskubidearen aldeko hainbat eragile, hala nola Ernai, Bilgune Feminista, Euskal Herriko Neska Gazteak, Eragin, GPS, GPA, Harian, Ikasle Sindikatua, Gora Ikasleon Borroka edota Txantreako Emantzipazio Bulegoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.