Petronor, UTE Bilboko Argiak, Novaltia, PCB eta Tubacexeko langile batzordeek protesta bateratua deitu dute ostiralerako, Bilbon. Martxa bat egingo dute EITBren egoitzatik hasi eta udaletxeraino, enplegu duina eta kalitatezkoa eskatzeko.
Ez da lehen aldia elkarrekin protesta egiten dutena; iragan maiatzaren 28an ere Bilboko kaleak hartu zituztenHemen ez dago inor sobera lelopean. Langileen hitzetan, sektore eta tamaina ezberdinetako beharginak izan arren, «enplegu suntsiketa eta prekarietate prozesu bera» bizi dute denek.
Manifestazioak bi norabideko aldarrikapenak izango ditu oraingoan: batetik, alderdi politikoei eskatuko diete 2010, 2011 eta 2012ko lan erreformak baliogabetzeko. Izan ere, langileek adierazi dutenez, arau horiek baimentzen diote enpresari «lan agintaritzaren kontrolik gabe eta 30 eguneko epean» kaleratzeko kolektibo bat egiteko. «Enpresek nahi dutena egiten dute, eta horietako askok milioi askoko irabaziak izan dituzte azken urteetan; honekin amaitzea eskatzen dugu».
Horrez gain, enpresei galdegingo diete «benetako negoziazioak» abiarazteko. «Enpresa handietako zuzendaritzei benetako konpromisoa eta fede ona eskatzen dizkiegu negoziazioetarako». Langileak «babesgabe» ez uzteko eta «patronalaren nahieran egindako sare horretaz» ez baliatzeko ere eskatu diote enpresetako arduradunei.
LABen babesa
LAB sindikatuak bat egin du protestarekin, eta manifestazioan parte hartzera deitu du. Horrez gain, sindikatuak babesa adierazi die Tubacexeko langileen pikete batean parte hartu eta identifikatu zituzten Aiaraldeko hiru bizilagunei. Martxoaren 25eko protestan identifikatu zituzten hiru lagunak, eta desordena publikoa eta autoritatearen aurka egitea egotzi zizkioten. Horrez gain, hiru lagunetako bati sare sozialetara poliziarentzat iraingarria den bideo bat igotzea ere leporatu diote. Bihar deklaratuko dute epailearen aurrean, Amurrion (Araba).
Egun hartan, Amurrioko lantegiaren aurrean egin zuten protesta langileek, greba mugagabearen 43. eguna zen. Hainbat pertsona identifikatu zituzten orduan ertzainek. Foam jaurtigaiak botaz eta borrekin joz oldartu zitzaien ertzaintza protestan zeuden langileei.