Hainbat sindikatuk "kezkaz" hartu dute Siemens Gamesak Senvion erosi izana

Enpresak langileen batzordeari eskatu dio lasai egoteko ez duela-eta eraginik izango Agoizko lantokian, baina batzordeak galdegin dio argitu dezala zeintzuk diren hurrengo urteetako produkzio asmoak

Agoizko lantokia. IñAKI PORTO / FOKU
joxerra senar
2019ko urriaren 22a
17:24
Entzun

Siemens Gamesak lasaitasun mezua zabaldu nahi du. Zamudioko taldeak Alemaniako Senvionen zati garrantzitsu bat erosi du, zeina kiebra egoeran baitzegoen. Tartean, haize errotentzako Portugalgo pala fabrika bat dago, baina taldeak langileei jakinarazi dio ez dutela asmorik ez produkzioa lekuz aldatzeko eta ez fabrika ixteko. Sindikatuei azaldu diete "kanpoko menpekotasuna murrizteko" erosi dutela.

Hainbat sindikatuk, ordea, tentuz hartu dituzte adierazpenok. Jonan Goñi LABeko industria federazioko arduradunaren arabera, adibidez, ezin liteke ondorioztatu beste zerbait egingo dutenik, baina, era berean, talde barruan Portugalen palak ekoizten dituen lantoki hori "beste lehiakide" bat da orain Agoizko lantokiarentzat, deslokalizatzeko edo "bederen produkzioan eragiteko".

Clara Fernandez Siemens Gamesako CCOOko idazkari nagusiak onartu du "alerta egoeran" daudela. Portugalgo lantoki horrek 740 langile ditu, eta, portua hamahiru kilometrora izanik, ekoizten dituen palak itsasoratzeko ahalmena du, eta, ondorioz, haiek merke ekoiztekoa. Fernandezek azaldu du Agoitzek eta Galiziako Somozak lana duten bitartean arriskurik ez dutela epe motzera; baina, haren ustez, gakoa da zein izango den egoera hemendik urtebetera. "Lehenik eta behin, Europako Batzordeko lehiaren agintaritzak 2020ko martxoan operazio horren inguruan ebatziko du". Ikusi beharko da hortik aurrera zer erabaki hartzen dituen taldeak.

Puy Remirez ELAko ordezkariak zuhurtziaz eta “mesfidantza osoz” hartu du albistea. Oraintxe ez dute daturik alarmismoz jokatzeko edo langileen artean beldurra zabaltzeko. Hala ere, aurrekariek eragiten diete kezka batik bat, horrelako egoerak Siemens Gamesak nola kudeatzen dituen jakiteak. “Gertatzen direnean jakin ohi dugu horien berri”.

Plan estrategikoa

Siemens Gamesa 2020-2022ko eperako plan estrategikoa garatzen ari da, baina, Jonan Goñiren arabera, ez dute inolako informaziorik egitasmo horren inguruan. "Ez dakigu zer den estrategia hori, eta zer jartzen duen". Goñiren arabera, taldeak egoitza Zamudion izan arren, erabakigunea ez dago Euskal Herrian, Alemanian baizik. "Ez dugu alarmistak izan nahi, baina hori da errealitatea; Gamesak galdu du erabakitzeko ahalmen hori. Fede ona izan dezakete, baina hemen Siemensek agintzen du, eta haiek esaten dute Siemensek esaten diena".

Agoizko batzordeak enpresari eskatu dio argitu dezala etorkizuneko produkzioaren plana, benetan lasai egoterik baduten egiaztatzeko. Taldeak konpromiso hori hartu du, baina ez dute oraindik aurkeztu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.