«Munduaren ekonomia suspertzen ari da, nahiz eta erritmoa irregularra den», argudiatu du Ingalaterrako Bankuak, tasa puntu laurdenez igotzeko, %3,75 arte. «Urtearen hasieran erritmoa moteldu ondoren, Erresuma Batuan hazkuntza berriro bizkortu da eta maileguen igoerak erritmo beretsuan jarraitzen du. Ez gastu pribatua ezta etxebizitzen merkatua ere ez dira apaldu (...). Hortaz, eskariak gorantz eta libera esterlinak beherantz jarraitzen dutenez, litekeena da inflazioak gora egiteko arriskua handitzea», azaldu du Ingalaterrako Bankuak. Beste hitzetan, interes tasak igo beharrean dagoela, mailegu merkeei esker kontsumo pribatua gehiegi hazi eta etxebizitzaren burbuila lehen ez dadin.Londresen aurretik, ostegunean, Australiako Erreserba Federalak ere %4,75etik %5era igo zuen diruaren prezioa, ekonomia ongi doan seinale.
AEBak begi puntuan
Erresuma Batuko eta Australiako banku zentralen erabakiaren ondoren, begi guztiak Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalari daude so. Aurtengo ekainaz geroztik, %1ko interes tasa ofiziala dute AEBetan, 1958. urteaz geroztiko tasarik txikiena. Diruaren prezioaren igoera bultza dezaketen bi datu zabaldu berri dira AEBetan. Batetik, Barne Produktu Gordina %7,2 hazi dela urteko hirugarren hiruhilekoan. Bestetik, atzo iragarri zuten urrian 126.000 lanpostu sortu zirela, espero baino askoz gehiago. Langabezia tasa %6,1tik %6ra murriztu da. Adituen arabera, enpleguaren sorkuntza horrek erakutsiko luke hazkuntza ekonomikoa sendoa dela eta jada lan merkatuan islatzen dela. Gainera, langile bakoitzak lan egindako orduen kopurua ere hazi egin denez, ekonomilariek espero dute etorkizun laburrean konpainiak langile gehiago kontratatzera beharturik izango direla.
Oraingoz, Alan Greenspan Erreserba Federaleko presidentea itxaroteko gogoz azaldu da. «Diru politikak zuhur jokatzeko aukerak ematen ditu», esan zuen ostegunean. Hau da, hazkuntza sendoagoa eta erregularragoa izan arte, ez du diruaren prezioa garestitzeko asmorik. 2004 hauteskunde urtea da AEBetan, eta horrelakoetan are zuhurrago jokatu ohi du Greenspanek.Nolanahi ere, Bushen administrazioa presio egiten ari zaio Erreserba Federalari. John Snow Altxorreko idazkariak urriaren 20ean esan zuenez, «etsituta eta urduri» egongo litzateke baldin eta hurrengo hilabeteotan interes tasa igotzen ez bada. Erreserba Federalaren independentziaren errespetuz, horretako komentario gutxi egin ohi dituzte AEBetako gobernukideek.
Beste kezka batzuk EBZn
Itxaron gelan dago Europako Banku Zentrala ere. Hasteko,hazkuntza oso pattala dute euroaren eremuko ekonomia gehienek, eta Alemania eta Frantzia handiek batik-bat. Erresuma Batuan eta Australian ez bezala, herrialde horietan arazoa ez da inflazioa kontrolatzea, hazkuntza ziurtatzea baizik. Espainia, Irlanda eta Grezia agian hobe leudeke diru garestiagoarekin, baina haien pisua eurogunean ezin da Alemaniak duenarekin parekatu. Gauzak horrela, Reutersek galdezkatutako 40 ekonomilarietako gehienek ziurtatu dute EBZk ez duela interes tasa (%2) datorren urtearen bigarren erdialdera arte mugituko.
Japoniak, bere aldetik, %0ko tasa du ia hamar urte iraun duen atzeralditik atera nahian. Azkenaldian suspertze txikia ezagutu arren, oraindik arazo nagusia deflazioa denez, ez du ezer egingo.
-
ESTATU BATUAK
Urrian, AEBetako langabezia tasa %6ra jaitsi da
AEBetako Lan Departamenduak atzo jakinarazi zuen urrian langabezia tasa %6koa izan dela, apirilaz geroztik tasarik apalena. Azken datuen arabera, 126.000 lanpostu berri sortu zireniragan hilean. Hala ere, estatistiketatik kanpo makina bat lagun daude. 146,8 milioi estatubatuardaude aktibo (enplegatuak edo lanik gabe) eta beste 75,2 milioi lan mundutik kanpo, horien artean baita lana bilatzeaz etsituak daudenak. Urrian, adibidez, 1,6 milioi lagun zeuden «azken hamabi hilabeteotan enplegua bilatu dutenak baina ez direnak langabe gisa kontuan hartzen, ez zutelako lanik bilatu inkesta hori egin aurreko lau astetan». Horiek, estatistiketatik kanpo, 8,78 milioi langabe zeuden urrian AEBetan.
Wall Streetek ezkor hartu zituen, dena den, datuok eta jardueraren erdian 10 puntu baino ez zen igo Dow Jones. Horregatik, arratsaldean euroak 1,15 dolarreko muga gainditu zuen. Europako Banku Zentralak truke ofiziala 1,1424 dolarretan jarri zuen.