Nekazaritzaren hazkundea

Haizea, baserrien alde

Azken boladan igo egin da kaletik baserriko jardunetara itzultzeko joera, elikaduraren inguruko gogoetak eta kontsumo taldeen gorakadak bultzatuta.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hustu dena bueltan berriz betetzea zaila izaten da. Horixe gertatzen da Hego Euskal Herriko baserriekin eta nekazaritza ereduarekin. XX. mendean industriak izan zuen loraldiaren ondorioz, baserrietako jarduna jaisten hasi zen. Nekazaritzarakoeremuak gutxituz joan ziren gure paisaian, eta nekazariak ere neurri berean egin zuten behera. Ondorioz, lehen sektoreak tradizionalki izan zuen pisua jaitsi egin zen. Eta ondorengotza horrek gaur egunera arte iraun du. Baina azken bi urteetan landa eremura igaro diren pertsonen kopurua igo egin da. «Lana topatzea zaila dago kalean, eta nekazaritzan soberan dago», Josu Gilen esanetan. Duela hamar urte egin zuen berak kaletik landarako saltoa. «Orduan, baserritar gazte batzuk elkartzen hasi ginen, eta etorkizuna baserria zela genioen, baina erdi serio, erdi brometan esaten genuen hori. Baserria zoro gutxi batzuon apustua zela uste genuen». Orain, ordea, baserriaren etorkizuna benetakoa bihurtzen ari dela iruditzen zaio EHNEko kide eibartar horri.

Gorakada horren lekuko dira nekazarien sindikatuek ematen dituzten ikastaroak. Bizkaiko EHNEk emandako datuen arabera, esaterako, nekazaritzaren inguruko 60 ikastaro eskaini behar ditu aurten lurralde osoan. Horietatik bi, sektorean lan egiteko asmotan dabiltzan pertsonentzat. Denera, aurten 50 gazte inguruk hartuko dute nekazaritzara igarotzeko erabakia. «Lehen, tantaka iristen zen jendea, eta asko jota 20 pertsona inguru igarotzen ziren lehen sektorera», dio Unai Arangurenek, Bizkaiko EHNEko kideak. «Azken boladan igoera handia sumatu dugu, jende asko ari zaigu deika ikastaroei buruz informazio eske. Boom bat gertatu da». Baina zergatik gertatu da nekazaritzaren inguruko eztanda hori?

Guztiaren oinarrian bestelako kontzientzia baten sorburua dago, Yolanda Jubeto Garapen Ekonomikoko EHUko irakaslearen ustez. «Jendeak badaki janari osasungarria behar dugula, eta gertukoa baldin bada, askoz hobe». Horretaz gain, bizimoduaren inguruko gogoeta ere zabaltzen ari dela dio. «Gazteriak ere badu gogoa bizimodu naturalagoa, lasaiagoa egiteko; lurra lantzeko, alegia». Baina kontzientzia eredu berri horren inguruko gogoeta gizarte osoari dagokio, Gilek dioenez. «Baserriaren galera ez da baserritarren errua bakarrik, gizarte osoarena baizik». Ondorioz, herritarrek ere zeresana izan behar dute lehen sektorea berreskuratzeko orduan. Nola? Bertako produktuak kontsumituz.

Kontsumo taldeak, irtenbidea

Baserritarrek lehen sektorearen jarduna alboratzeko arrazoi nagusia errentagarritasun faltari egotzi izan zaio urteetan. 2000. eta 2005. urteen artean, esaterako, ekoitzitako ondasunen balioaren eta ondasun horien produkzio kostuaren arteko aldeak %15 egin zuen behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Era berean, nekazaritzaren errentak %20 jaitsi ziren tarte horretan; horrek agerian utzi zuen sektorea ez zela errentagarria. Eta ondorengo urteetan egoera ez da hobetu. Irabazi galera hori, baserritarrek urteetan egin behar izan dituzten inbertsio handien ondorioz iritsi dira, hau da, «esplotazio handiagoak egin behar izan dituzte, eta horrek arriskua dakar», Gilek zehaztu duenez. Izan ere, «baserritarrek dirua lortzeko prozesua geldoa izan ohi da». Eta, era horretan, egindako inbertsioa amortizatzea zaila zen. Azken boladan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan joera hori egon da: gero eta ustiategi gutxiago daude, baina duela hamar urte baino handiagoak dira. Baina «larri dabiltza».

Etorkizuneko jarduna ustiategi txikien eskutik iritsiko dela uste dute sindikatuetako kideek. «Dibertsifikatuagoak izango direnak, denetik egingo dutenak», Gilek dioenez. Eta, bide horretan, ekoizpen mugatuagoak dituzten nekazariek irtenbidea beste era bateko salmenta ereduan topatu dezakete. Ipar Euskal Herrian, esaterako, ez da Hegoaldean bezalako gainbeherarik egon landa eremuan. «Baserri mundua oraindik ere aski okupatua da», Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakariak dioenez. Industria sare indartsurik ez da bertan, eta horrek lagundu du horretan. Baina ekoizleek almenta zuzenari esker egin ahal izan dute aurrera. «Salmenta zuzenean tradizioa dago hemen, eta horrek laborantzari sustengagarri izaten lagundu dio». Ildo horretako mugimendu bat martxan jarri da Euskal Herri osoan: kontsumo taldeak. Esperientzia berria da, baina dagoeneko baserritarren ekoizpenari errentagarritasuna emateko balio du ereduak.

Kontsumo taldeek bitartekaririk gabe lan egiten dute. Baserritarren eta herritarren arteko zubiak eraiki dituzte, asteroko erosketa landatik herrigunera zuzenean eramanez ekoizleek. «Herritarrak astero baserritarraren produktuak erosteko konpromisoa hartzen du, baserritarrak astero bere ekoizpena eramateko konpromisoa hartzen duen bezala», zehaztu du Gilek. Era horretan, baserritarrak salmenta ziurtatuta edukitzen du, eta bertako irabaziak beretzat dira. Eredu hori arrakastatsua izaten ari da, datuek adierazten duten bezala: 2011. urtearen amaieran, Gipuzkoan 40 talde zeuden, eta horien bidez 500 familiak —2.000 pertsona inguru— lortzen dituzte elikagaiak; Bizkaian, 16 talde sortu dira; Araban eta Nafarroan lehen esperientziak izaten ari dira, eta Ipar Euskal Herrian ere mugimenduak jarraipena dauka. «Jende askok beste aukera bat ikusten du baserriko sistema honekin, saltzeko aukera ongi bideratuta baitago», azaldu du Arangurenek.

Duela lau urte, esaterako, zailtasunak zeuden Bizkaian kontsumo taldeetan zegoen eskaerari erantzuteko. «Eskaera handiagoa zen eskaintza baino». Orain, balantza hori orekatzea lortu da, ordea. Nola? Landa eremuan lan egin nahi duten pertsona berriekin. Gipuzkoan ere, 30 gazte hasi dira nekazaritzan, kontsumo taldeek ematen dieten babesaren ondorioz. Salmenta sistema horrek baserrirako itzulera lagundu du, beraz.

Lurra, zailtasun

Edozein modutan, mugimendu apala da oraindik. Baina elikagaiak landuko badira, lurrak eskura egon behar du. Eta, gaur egun, nekazaritzako lurzoruak «oso garesti daude urteetako espekulazioaren ondorioz», Jubetok azaldu duenez. Eta horretarako, azken urteetan nekazaritza jardueretara bideratutako lurzoruen prezioaren bilakaera ikusi besterik ez dago. 1987an, hektarea bakoitzak bataz beste 3.300 euro inguru balio zuen EAEn. Hogei urte beranduago, 2007an, 15.000 eurora iritsi zen hektarearen prezioa. Hau da, prezioak bost bider egin zuen gora bi hamarkadetan. Goia krisi ekonomikoa lehertu baino lehen jo zuen, baina orduz geroztik ez du behera egin. 2010ean, 15.939 euro ordaintzen jarraitzen baitzen. Beraz, hiritik landara saltoa eman nahi duen pertsonak, bide zaila dauka zentzu horretan, «familiako lurrik ez badu bederen», Jubetoren esanetan. Gil ere iritzi berekoa da: «Baserria gainbeheran dagoela esaten da, baina horren arazo nagusia jabetza pribatua da, gazteek ezin baitute lurretara iritsi».

Euskal Herrian, landu ahal izateko lurra badago, baina «ez dago legerik horiek babesteko», Arangurenek azaltzen duenez. EHNE sindikatutik hainbat estrategia dauzkate, hala nola belaunaldien arteko txandakatzea, «baserrietako lurrak gazteei uzten dizkiegu». Baina erakundeei dei zuzena egiten die, foru aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari: lur bankuak sor ditzatela. Gisa horretako proiektuak martxan daude Bizkaia eta Gipuzkoan, eta aste honetan bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak lau lursail eman dizkie gazteei errentan. Era horretako egitasmo gehiago eskatu ditu, ordea.

Gilek bestelako aukera bat proposatu du: okupazioa. «Lurrak ez dira erabiltzen, beraz, aukera ona da». Bere kasuan, lantzen dituen lurren jabeei bertan landatu eta erabiltzeko baimena eskatu zien. «Eurentzat ere fabore bat da, lurra garbitzen baitiezu».

Europako zentralizazioa

Lurraren jabetzara iristeko zailtasunak, ordea, ez dira lehen sektorean topa daitezkeen oztopo bakarrak. Izan ere, nekazaritzaren inguruko erabaki eta legeak «urrun» hartzen dira, Jubetok salatzen duenez. «1986an Europako Batasunean sartu ginenetik, landa eremua etengabe galtzen joan gara, politika bateratuaren ondorioz». 26 urtean ekoizpen sarea izugarri ahuldu da, «krisi isila izan da». Europako ekoizpen bateratuaren ondorioz, ustiategi txikiek indarra galdu zutela uste du, eta «ondorio larriak utzi ditu horrek».

Beraz, zentralismo horretatik irten, eta elikadura burujabearen aldeko apustua egin behar dela aldarrikatzen du Jubetok. «Erabakitzeko guneek lekuan lekukoak izan behar dute, esportazioan horrenbeste zentratu gabe». Etorkizuna ustiapen leku handiak murriztetik eta bide ekologikoaren aldetik iritsiko dela uste du, «esperientzia txikien batuketarekin». Horregatik, nekazaritzan azken boladan eman den mugimenduari berebiziko garrantzia ematen dio Jubetok. «Agian, berpizte honekin, astiro bada ere, ekoizpen sarea berreskuratu ahal izango dugu».

Zentzu horretan, kontsumo taldeak errentagarriak diren bitartean, eta gizartean hedatzen jarraitzen duten heinean, agian hustu ziren baserri eta landak betetzeko lehen hazia ereinda dagoela daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.