Zirimola. Haizetea. Ufada. Europa osoan zehar ere neguko eguraldia dago. Eta ez gara fenomeno meteorologikoaz ari, Atenas aldetik datorren eta gogo-gorputzak hozten dituen beldurraren hedaduraz baizik. Sorburutik are eta gertuago, are eta handiagoa da haizearen kolpea -Atenasko burtsak %6,7 galdu zuen atzo-, baina Mediterraneo osoan ere aise antzematen da: Milanek %4,7 galdu zuen, Lisboak %4,2 eta Parisek %3,6. Eta haize gaiztoari zurrumurru maltzurrak gehituz gero, hotzikara gainetik kendu ezinda geratu da Espainiako Gobernua, belarri entzungorrei ozen esanez ezetz, ez duela EBri edo NDFri 280.000 milioi eskatzeko inolako asmorik. Baina ordurako bere zorrarengatik Alemaniak baino 313 puntu gehiago pagatu behar dituela diote merkatuek, eta Madrilgo Ibexek %5,4 galdu ditu, Espainiako Erresumaren hartzekodun BBVA(-%7,4), Popular (-%7,3) eta Santander (-%7,1) buru dituela. Eta Euskal Herrian? Bada, argi printza batzuk sartu dira, langabeziaren datua -INEM ohiarena, kasu honetan-, azken bi urteotako onena izan delako. Ekonomia «suspertzen» ari dela dio Lopezek. Gehiegitxo agian, baina okerrera ez doa behintzat.
UBS banku suitzarrarentzat berri onak dira denak. Iazko 1.382 milioi euroren galerak gainditu, eta 1.535 milioi poltsikoratu ditu lehen hiruhilekoan. Lasaitasuna emango diote irabaziek, baina baita Greziako krisian zer galtzekorik ez duela jakiteak ere. Hala ziurtatu du behintzat Oswald Gruebel kontseilari ordezkariak. USBren burtsako tituluek urte hasieran baino %6,2 gehiago balio dute orain.
Haizea dator Atenastik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu