Hamabost egunez atzeratuko da Berangoko Kukullaga Goikoa baserriaren desjabetzea. Epaitegiko ordezkariek eguerdian hartu dute erabakia, baserritarretako bat ohean oso gaixorik dagoela aintzat hartuta, eta baserrian ganadua dagoela eta hori desjabetu eta kanporatzeko prozedura ez dela behar bezala jarraitu aintzat hartuta.
Kukullaga Goikoako baserritarren abokatuaren azalpenak entzun ostean, desjabetzea gauzatzera joan diren epaitegiko ordezkariak Berangoko alkatearekin aritu dira hizketan. Kukullaga Goikoako baserritarrak 25.900 euroko zor bategatik dira etxea galtzear, eta gaur ziren desjabetzea egitekoak.
Epaitegikoek esan dute baserria husteko agindua dutela, baina ohean den baserritarra mugitu ezinda dagoela eta hori frogatzen duen medikuaren agiria ikusirik iritziz aldatu eta desjabetzea atzeratu dute. Ganaduaren argudioa egia dela ikusteko, bi ertzain baserrira sartu dira behiak nola dauden ikustera.
Traktore eta auto karabana
Berangoko Kukullaga Goikoa baserriaren desjabetzea geratzeko asmoz, hainbat lagun bildu dira gaur baserriaren atarian. Epaitegiko idazkaria 10:00ak inguruan zen desjabetzea egitera joatekoa, baina beranduago iritsi da. Bitartean babesa adieraztera joandako hainbat lagunek traktore eta autoekin karabana egin dute eta Baserri bizi baten alde eta Kukullaga Goikoa baserria bizirik! pankartekin abiatu dira 09:30ak inguruan baserrira.
Goizean goiz elkartu dira elkarasuna eman eta babesa adieraztera joandakoak. Tartean zeuden, EHNE sindikatuko nekazariez gain, Brasilgo nekazari txikien elkarteko kideak, Lander Muñagorri BERRIAko kazetariak Berriketan.info sare sozialean kontatu duenez.
540.000 euroko abala, 25.900 euroko kredituarentzat
Kukullaga Goikoa baserria Berangoko adineko senar-emazte batzuena da, baina 25.900 euroko kreditu bati aurre egin ezin diotenez desjabetu nahi diete. Bere garaian baserrian lanak egiteko eskatu zuten kreditua. Hasiera batean zenbait bankutara jo zuten, baina horien ezezkoaren ostean momentuan dirua ematen duen erakunde batera jo zuten, eta horrek eman zien.
Hiru hilabeteko epea eman zien zorra kitatzeko, eta 25.900 euro horien abal moduan 540.000 eurotan baloratutako baserria eta lurrak finkatu zituzten. Interesa %5ekoa zen, eta berandu ordaintzen bazuten, %29koa. Senar-emazteek ezin izan diote harrezkero zorrari aurre egin.