Argindar merkatua berrantolatu eta zenbait ekoizpenei emandako sariak mugatzeko egitasmoek beste zehar kalte bat eragin dute. Smurfit Kappa Nervion enpresak iragarri du Iurretako paper fabrikan egin behar zuen hamabost milioi euroko inbertsio bat geratu egingo duela. Bizkaiko lantegi horretan paper-pastaren ekoizpena %20 handitzeko asmoa zuen Irlandako multinazionalak, baina orain uste du inbertsioak ez duela zentzurik, Espainiako Gobernuak argindar kogeneraziorako ematen zituen laguntzak bertan behera utzi dituelako.
Smurfitek ohartarazi du inbertsioa galtzeak oso eragin txarra izango duela enpleguan. Ez soilik Iurretako lantegian, baina baita fabrika hori hornitzen duen basogintzan edo industria osagarrian.
Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak bultzatutako erreforma elektrikoak %22 gutxitu ditu urte hasieratik kogenerazioari emandako diru sariak. Horri gehitu beharko zaizkio joan den otsailaren hasieran Industria Ministerioak proposatutakoak. Berriztagarrien sektoreak kalkulatu du 2.100 milioi euroko murrizketa jasango duela urtean. Hego Euskal Herrian, uneotan 520 megawatteko potentzia dago ezarrita
Inbertsioa ez zegoen itxita, zuzendaritzaren azken oniritzia behar zuelako. Asmoa zen paper-pastaren ekoizpena %20 handitzea, urtean 120.000 metro kubiko egur gehiago erreta. Prozesu horrek sortzen duen hondakina — «likore beltza» deitzen zaion sektorean— erregai gisa baliatu nahi zuten argindar kogenerazio plantan. 2012an ireki zuen atal hori Smurfitek, 20 milioi euroko inbertsioarekin. Orain planta osoaren iraupena dago auzitan, laguntza publikorik gabe argindarra ekoiztea errentagarria ez dela kalkulatu baitu enpresak.
Iurretako fabrikak ere errentagarritasuna galduko duela ohartarazi du. 1955an sortu zuten Celulosas del Nervion izenarekin, eta 1994an erosi zuen Smurfitek. Zakuetarako papera egiten ditu fabrikak, eta iaz 125 milioi eurotik gora fakturatu zituen. Bere argindar beharren %60 betetzen ditu kogenerazioaren bidez.
Smurfit papergintzako enpresa handienetako bat da munduan. Iurretakoaz gain, beste hiru lantegi ditu Hego Euskal Herrian: bi Nafarroan (Zangozan eta Cordobillan), eta bat Gipuzkoan (Berastegin), Smurfit Munksjo adarraren eskutik.
Euskal Forgingen inbertsioa
Denak, ordea, ez dira berri txarrak. Sestaoko Udalak baimena eman dio Euskal Forging enpresari 1,9 milioi euroren inbertsioa egiteko, laminatzaile berria jartzeko Sestao Bai industrialdean.