Iaz ekin zion Europako Banku Zentralak euro billeteak berritzeari. Bost euroko billeteekin hasi zen, 2013ko maiatzaren 2an. Hamar eurokoen txanda da orain: gaurtik kalean dira.
2002an egindako aurrekoaren oso antzekoa da billetea; arko erromaniko bat du alde batean, eta Europako mapa bat eta zubi bat bestean. Aldaketak ez dira oso nabarmenak. Batetik, '10' zenbakia beste leku batzuetan ageri da, eta horietako batean berde esmeraldaz eta urdin ilunez. 'Euro' hitza zirilikoz ere idatzita azaltzen da —lehen, karaktere latinoekin eta greziarrekin soilik—, eta Jean Claude Tricheten sinadura agertu beharrean, Mario Draghirena agertzen da.
Alde nabarmenena segurtasun neurriei buruzkoa da, aurreko billeteek baino segurtasun elementu gehiago daramatza eta. Argitan begiratuta, Europaren holograma bat erakusten du. Greziako mitologiako pertsonaia da Europa, kontinenteari izena eman ziona.
Datozen urteotan jarraituko du EBZk billeteak berritzen: hurrengoa 20 eurokoa izango da.