Langileak goizean goiz elkartu dira lantegiaren aurrean protesta egitera, eta han adierazi du Ritxard Fernandez enpresa batzordeko ordezkariak (CCOO) Hitachiren ardura direla kaleratzeak. Japoniako Enpresak iaz erosi zion adar elektrikoa Suitzako ABBri, "eta hark agindu du egitura guztiak garbi eta saneatuak uzteko; eskaera horiek betetzen ari da ABB".
Enplegu erregulazioaren negoziazioa bigarren astean dago, eta "moral nahikoarekin" daudela azaldu du Fernandez, nahiz eta enpresak ez duen kaleratzeak bertan behera uzteko inolako asmorik erakutsi. "Enpresak argudiatu du arrazoi produktiboak direla, baina argi eta garbi dira arrazoi ekonomikoak", azaldu du Fernandezek.
Trapagarango lantegiak hiru adar ditu: motorrak, transformadoreak eta galdarak. Galdaren atalari dagozkio kaleratzeak. Guztira, 310 lagun ari dira ABBn lanean.
Fernandezek ziurtatu duenez, galdaragintzak 31 langile ditu ekoizpen lanetan, eta horietatik hamar botatzeak esan nahi du ekoizpen gaitasunaren %30 galduko duela. "Ikusten dugu Espainiako transformadoreen merkatua berreskuratzen ari dela; geratuko diren langileekin, gaitasuna oso murriztuta izango da edozein eskaerari erantzun ahal izateko".
Enpresa batzordeko hiru sindikatuek, CCOOk, ESK-k eta UGTk, bi greba egun deitu dituzte: hilaren 10ean eta 17an. Egun horietan Madrilera joango dira, han baitu egoitza multinazionalak. Kordobako langileak (Andaluzia, Espainia) ere batuko zaizkie han, beren lantegiko 49 behargin bota nahi dituztelako.