Hamasei bulgariarrek adina irabazten du britainiar batek

Europako Batasunean 27.000 eurokoa da urteko batez besteko soldata, eta ia 25.000 eurokoa Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu.
2010eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ekoizpen aldetik merkatu bakarra da Europako Batasuna, baina langileentzat hala izatetik oso urrun dago oraindik ere. Eurostaten azken datuek erakutsi dutenez, langile britainiar batek baino hamasei aldiz gutxiago patrikaratzen du behargin bulgariar batek. Hego Euskal Herriko biztanleak Europako Batasuneko batez besteko soldataren azpitik daude.

Adeccok eta IESE negozio eskolak atzo zabaldutakoaren arabera, Europako Batasuneko langileen batez besteko soldata gordina 27.036 eurokoa da, lanaldi osoa daukatenentzat. Hortik gora irabazten dute zerbitzu pribatuetan (27.774) eta industrian (27.338), eta behetik, berriz, eraikuntzan (24.025).

Europa iparraldeko herrialdeek dituzte batez besteko saririk handienak: 46.058 euro Erresuma Batuan, 42.720 Herbehereetan eta 40.914 Alemanian. Adeccoren zerrendan ez da Danimarka azaltzen, baina Eurostaten arabera, 2007an 53.000 eurotik gorakoa zen batez besteko soldata han.

Beste muturrean daude Europa erdialdeko herriak -9.899 euro Hungarian eta 8.353 Eslovakian-, baina batez ere EBn sartu diren azken bi herrialdeak: Bulgarian 2.862 euro baizik ez ditu irabazten langile batek, eta 5.479 euro Errumanian. Gainera, herrialde horietan gehiago dira batez besteko soldatara iristen ez diren langileak: hamarretik bederatzik hortik behera irabazten dute Bulgarian, eta hamarretik zazpik Errumanian.

EBko batez bestekotik gertu dago Hego Euskal Herria. INEren 2008ko datuek diote Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 25.888 euroko soldata gordina zutela, eta 23.040 eurokoa Nafarroan. Datuak ez dira erabat konparagarriak Eurostatek emandakoekin, horietan ez bezala, lanaldi laburrekoak ere kontuan hartzen dituelako. Hala ere, Espainiako erreferentzia hartuz gero, ez dago alde handirik: 21.638 euroko batez besteko soldata ematen du INEk, eta 21.500 eurokoa hartu du aintzat Eurostatek.

Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantzia EBren batez bestekotik gora dago, urtean 32.867 euroko sari gordinarekin. Soldata txikiagoa izateak ez du halabeharrez esan nahi lurralde bat pobreago denik. Izan ere, Hego Euskal Herriko bi erkidegoetan biztanleko barne produktu gordina EBren %130etik gorakoa da, prezioen eragina kontuan hartuta. Akitania, berriz, batez bestekoaren inguruan dabil.

Emakumeei gutxiago

Europako Batasunean alde handia dago gizonezkoen (29.341) eta emakumezkoen (22.918) soldaten artean, %28koa, hain zuzen ere. 2003ko azken azterketatik hona ez dute hobera egin generoen arteko desberdintasunek; kontrara, orduan %27,3koa zen aldea.

Austriak du guztietan alderik handiena, emakumeen soldatak %45 txikiagoak baitira. Errumaniak du, berriz, txikiena, %13koa. Frantzian %22,7ko aldea dago eta %34,4koa Espainian. Hego Euskal Herrian, INEren azken datuarekin, are handiagoak dira aldeak: %39 Nafarroan eta %36 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.