Hamasei enpresa eta elkartetatik aterako da Nekazaritza Saila

Departamentuaren egitura doitzeko saioak bere hartan utziko ditu sozietate publiko eta fundazio nagusiak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Hamasei sozietate eta elkartetan parte hartzeari utziko dio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak. Pilar Unzalu sailburuak departamentuaren egitura doitzeko prozesuaren berri eman zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Moldaketak egongo badira ere, sozietate publiko eta fundazio nagusiek bere horretan jarraituko dute, oraingoz behintzat.

EAJren eskuetan egon zen bitartean Nekazaritza Sailak sortutako sozietate publiko, fundazio eta parte hartutako enpresen egitura susmopean jarri zuen behin baino gehiagotan PSE-EEk.

Esaterako, egitura horrekin departamentuaren eskumenak hustu eta pribatizazioari esker kontrol publikoari ihes egitea egotzi zion Jose Luis Anda legebiltzarkide sozialista eta egungo Nekazaritza sailburuordeak Ibarretxeren gobernuari. Halaber, sektorea «kontrolpean» izateko tresna izan direla iradoki zuen.

Unzaluk ez zituen berretsi oposiziotik egindako akusazioak. Haren aburuz, sailaren politikak kudeatzeko «oinarrizko zutabea» dira enpresa publikoak, gainera. Egituraren bizkarrezurra osatzen duten sozietate eta fundazio guztiek indarrean jarraituko dute, bat izan ezik; Basque Food desagertuko da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elikagaiak sustatzeko asmoz, aurreko legealdian martxan jarritako erakundea da, eta oso garapen txikia izan du.

Besteei dagokienez, Aztik eta Neikerrek egungo egoerari eutsiko diote, euren arteko elkarlana sendotzeko urratsak iragarri zituzten arren. Ihobe ingurumen sozietatean ere ez da aldaketarik egongo.

Falta diren enpresekin -Itsasmendikoi, IKT, Hazilur, Elika eta Kalitatea Fundazioa- integrazio handiago bat lortu nahi du Nekazaritza Sailak, bakoitzaren autonomia eta izaera juridikoa ukitu gabe. Hala, departamentuak guzti horien plangintza estrategikoa eta antolakuntza zuzentzeko beste korporazio bat sortuko du urtea amaitu baino lehen. Enpresa guztien komunikazioa, nazioarteko ekintzak, erosketak eta planifikazioa bere gain hartuko lituzke korporazio horrek. Oraingoz, horren egitura eta izaera juridikoa eztabaidatzen ari dira.

Kaikun, erabakirik ez

Sozietate publikoen eta fundazioen eskutik bestelako erakundeetan duen parte-hartzea da gehien murriztuko den atala. Jaurlaritzak esana zuen, esaterako, ez zuela Gurokelan jarraituko. Haatik, Kaikun duen parte-hartzearekin - %18 tresna ezberdinen bidez- zer gertatuko den argitzeari uko egin zion Unzaluk. «Berregituraketa sakonean sartuta dago Kaiku. Aterako bagara, ez da danbateko bat emanez izango».

Neikertek sozietate instrumentala desagertuko da, baina oinarri teknologikoa duten enpresetan -Vacunek, Invitrotek...- dituen akzioei eutsiko die gobernuak. Abelur, Lanalden, Lurranek, DGES Txile eta Euskaber utziko ditu, bestalde. Era berean, irabazi asmorik gabeko hainbat elkarte eta sozietatetik aterako da departamentua. Horien artean, Zuberoako Azkorria gazta kooperatiba eta Denokinn berrikuntza elkartea daude.

Unzaluk ziurtatu zuen egitura berriak ez dituela langile gehiago beharko,ezta kostu handiagorik eragingo ere. Saileko enpresa publikoen aurtengo gastu korrontea %20 jaitsiko dela aurreratu zuen, iazkoarekin alderatuz. Prozesua bururaino eramaten denean beste %10-15 bitartean aurreztuko dela iragarri zuen. Gaur egun, sozietate publiko horien urteko gastua 84,5 milioi eurokoa da.

Eztabaidaren txandan Bakartxo Tejeria legebiltzarkide jeltzaleak kargu hartu zion Unzaluri. Departamentutik enpresa publikoetan puntu ilunak zeudela zabaldu izana aurpegiratu zion Tejeriak, ondoren kontrakoa esateko. «Argi geratu da kudeaketa ona izan zela», haren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.