Apirilaren 22an hasi zen greba mugagabea Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako dendetan. Ia zazpi asteren ondoren, langileak dendetara itzuliko dira, grebaren helburu gehienak beteta. Izan ere, ELAk argudiatu duenez, Suediako enpresarekin hitzartu du Hego Euskal Herriko dendetan langilerik ez dela kalera joango, eta langileen lan baldintzetan ez dela «funtsezko aldaketarik» izango.
ELAk nabarmendu du H&Mrekin negoziatutakoak ez duela bat egiten CCOOk eta UGTk Espainiarako hitzartutakoarekin, haiek kaleratze batzuk onartu zituztelako. Gainera, azpimarratu du bi sindikatu horiek ez ziotela babesik eman «lau lurraldeotako langileek egindako izugarrizko borroka gogorrari». Horri esker, «enpresak atzera egin du hartuta zituen erabaki batzuetan. Hasteko, astean 30 ordutik gorako lanaldia duen eta kontziliazio eskubidea baliatzen duen jendea kaleratzeko asmoa baztertu du; aldi berean, gaur, bertan behera utzi ditu EAEko hiru lurraldeetan eta Nafarroan egin nahi zituen kaleratzeak eta lan baldintzen funtsezko aldaketak».
ELAk zorionik beroenak eman dizkie H&Mko langile grebalariei, «enpresa suediarrari aurre egin diotelako, enpleguaren eta lan baldintzen alde». Gogorarazi duenez, jantzi enpresa handiak Internet bidezko salmenten aldeko apustua egiten ari dira, eta hori lanpostu asko suntsitzen ari da.