1992-05-27
•Murrizketen kontra. Sindikatu abertzaleen elkarlanik ez zegoen. PSOEko gobernuak langabezia saria murrizteko dekretua aurkeztu zuen. Espainian, UGTk eta CCOOk lau orduko lanuztera deitu zuten maiatzaren 28rako. ELAk eta LABek Euskal Herrirako deialdi propio bat egitea erabaki zuten: 24 orduko greba maiatzaren 27rako.
1994-01-19
•Euskal esparruaren alde. 1992an ELAko eta LABeko arduradunak elkarren arteko ekintza batasunaz lehen gogoetak egiten hasi ziren. Ordura arte CCOOrekin eta UGTrekin elkartu ohi zen ELA, baina Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren beharrak lankidez aldarazi zuen. 1994ko urtarrilaren 19an, lehen ordezkarien batzar bateratua egin zuten Gasteizen. Maiatzaren Leheneko manifestazioak batera egin zituzten.
1995-04-16
•Mezu historikoa. Agiri bateratua kaleratu zuten 1995eko Aberri Egunerako. Euskal Herri «burujabe, bidezko eta solidario» baten alde lan egitera deitu zituzten langileak. Maiatzaren Leheneko manifestazioa elkarrekin egin zuten, Bilbon.
1997-03-11
•Javier Gomez Elosegiren hilketa. 1997ko Maiatzaren Lehena banaturik egin zuten. Bi hilabete lehenago ETAk Javier Gomez Elosegi Martuteneko espetxeko psikologoa eta ELAko afiliatua hil zuen. LABen erreakzio «hotza» kritikatu zuen ELAk. Hala ere, ez zuten ekintza batasuna hautsi.
1999-05-21
•35 lanorduen alde. 35 lanorduko astea aldarrikatzeko kanpaina indartsuaren baitan, greba orokorrera deitu zuten maiatzaren 21erako. Euskal Herrian eta Euskal Herrirako egindako lehen deialdi propioa zen. Greba arrakastatsua pentsatu, antolatu eta aurrera ateratzeko gai zirela erakutsi zuten.
2001-04-23
•Ekintza batasuna, hautsita. Maiatzaren Leheneko ekitaldien aurkezpenean batasun sindikala apurtutzat jo zuen Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak. Elkarri egotzi zioten ardura. ELAk negoziazio kolektiboan UGTrekin edo CCOOrekin akordioak sinatzea aurpegiratu zion LABi. LABek, berriz, erasotzat hartu zuen bi urte lehenago bi erakundeen fundazioak elkartzeko, Iparraldean batera aritzeko eta erresistentzia kutxa komun bat sortzeko ELAk egindako proposamena.
2002-06-19
•'Dekretukada'-ren kontra. Desadostasunak gainditu gabe zeuden arren, bat egin zuten Jose Maria Aznar Espainiako presidentearen gobernuak langabeen eskubideak murrizteko onartu zuen dekretukada-ren kontra. Greba eguna antolatu zuten ekainaren 19rako, CCOOk eta UGTk hurrengo egunerako antolatutakoa zapuzte aldera.
2003-02-17
•Akordioa negoziazio kolektiborako. Bi urtez nahastuta egon zen giroa, baina zubiak ez zituzten hautsi. 2003ko otsailean negoziazio kolektibora begirako akordioa sinatu zuten ELAk, LABek eta ESK-k. Berriro lortutako «konfiantza» nabarmendu zuen Elorrietak itunari buruz, eta beste ziklo batera igarotzeko urratsa izango zela
azpimarratu zuen Rafa Diezek.
2005-02-23
•Banaturik berriro. Giroa zeharo gaiztotu zen bi sindikatuen artean, eta kritikek esparru publikora jauzi egin zuten. ELAk «beste gehiengo sindikal bat» nahi izatea egotzi zion LABi, UGT eta CCOOrekin lan itun batzuk sinatzeagatik. LABek harrokeria egotzi zion ELAri.
2009-05-21
•Elkar hartuta berriro. Krisi ekonomikoak berriz batu zuengehiengo sindikala. Lehen ekimen bateratua 2009ko maiatzaren 21ean egindako greba orokorra izan zen. Beste bi greba ere egin dituzte harrezkero.
2011-05-01
•Maiatzaren Lehena, batera. 2004tik lehenengoz, ELAk eta LABek elkarrekin antolatu eta egin zituzten Maiatzaren Leheneko manifestazioak (Hiru, EHNE eta EILASekin batera).