Guillermo Garaventta. Argentinako Ikerketa Zientifikoen Batzordeko ikertzailea

«Hartu behar dugu gatz lautaden kontrola, eta guk ekoitzi bateriak»

Ezinbestekoa da trantsizio energetikoan aurrera egiteko, baina litioa duten herriek ez dute hartatik inolako onurarik izaten. Azpifakturazioa salatu du Garaventtak, eta litioa estrategikotzat hartzea defenditu.

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Litioaren jauna esaten diote, mineral horrekin lanean eman duen urte mordoagatik. Gainera, Argentinan litiozko bateriak eta zelulak teknologikoki garatzeko lehen planta nazionala sortu dutenetako bat da, eta egunotan inauguratu dute. Elkarrizketa honetan, ikertzaileak gogoeta egin du litioaren erabileraz, ingurumenean duen eraginaz eta baliabide estrategikotzat jotzeko beharraz.

Zer eragin du lurraldeetan litioa ateratzeak?

Litioa ateratzeko, lurruntze prozesu bat egin behar da lehenik, eta milaka milioi litro ur behar dira horretarako. Ur hori itsasoko ura baino zazpi aldiz gaziagoa da, baina, ondoren, litioa ekoizteko prozesuaren bukaeran, ur geza behar da; batzuek diote milioi bat litro ur geza behar direla litio karbonato tona bakoitzeko, eta beste batzuek, berriz, bi milioi litro behar direla. Errealitatea da horrek guztiak eragina duela, baina gizakiak egiten duen edozerk du eragina.

Gaur-gaurkoz, ezein elementu kimikorik ezin du litioa ordezkatu erreaktore nuklearretan eta taupada markagailuetan; erreaktore nuklearrak martxan daude dagoeneko, eta kiloko 100.000 dolar balio duen litio isotopo bat erabiltzen dute erregai gisa. Litioa ateratzen ez badugu, ez dago trantsizio energetikoan aurrera egiteko modurik, baina kontua zera da: zuk litioa badaukazu eta garapen teknologikoa egingo dutenek ez, haiek edozer egingo dute litioa lortzeko.

Horregatik, gai konplexua da, eta jatorrizko herriek eta zona horretan bizi diren komunitateek arrazoi dute. Izan ere, haiek ez dute inolako onurarik, baina guk geuk atera behar dugu, eta bermatu behar dugu baldintza onenetan ateratzen dela eta ingurumenean ahalik eta gutxien eragingo duela, herrialde garatuak litio bila etorriko baitira aurrerantzean ere.

Nortzuek ustiatzen dute litioa Argentinan gaur egun?

Enpresa guztiak atzerrikoak dira, eta, adibidez, 300 milioi dolar inbertitzeko konpromisoa hartzen dute Argentinara joatean. Hasieran, bost, zazpi edo zortzi milioi dolar inbertitzen dituzte, eta, hala, ustiapen horrekin jarraitzeak zer ekarriko dien aztertzen dute. Gainera, zinpeko deklarazio bat besterik ez dute egin behar, eta haiek zehazten dute zer ingurumen baldintzatan aterako duten litioa; beraz, ez dago inolako kontrolik, eta langileek oso diru gutxi irabazten dute.

Argentinan dauden atzerriko enpresek 800 milioi dolar esportatu dituzte urte hauetan, eta, diru horretatik, 30 milioi dolarren irabaziak baino ez dira geratu gehienez ere Argentinan bertan. Enpresek kostuak dituzte, baina abantailak dolarretan lortzen dituzte, hau da, legezko dolarrak ihesi ateratzen dira Banku Zentraletik. Gainera, 30 milioi dolar horiek 2.700 eta 3.000 milioi dolar inguru dira munduan.

Eta zer egin beharko litzateke hori eragozteko?

Estatuak gehiago kontrolatu behar ditu korporazioak, eta gehiago babestu behar ditu lurraldeak. Enpresek azpifakturatzeari utzi behar diote, 2022an gertatu zen bezala, eta baita ondoren beren kabuz saltzeari ere. Horretarako, beharrezkoa da erreferentzia balio bat ezartzea. Tona bat litio 6.000 edo 9.000 dolarrean erosten dute, eta, gero, hamar aldiz garestiago saltzen dute nazioarteko merkatuan.

Litioa duten probintziak oso pobreak dira, eta irabazirik handienak eskuratzeko aukera izan beharko lukete, baina nazioak kudeaketa hori bermatu behar du, eta zerbait kobratu beharko luke funtzio hori betetzeagatik. Onena litzateke estatu nazionalak ekimena hartzea eta gatz lautadak bilatzea, ez baitira asko geratzen. Petrolio Hobi Fiskala hala ari da egiten, Catamarcak gatz lautada bat eman baitio Fiambalari ustiapen txiki bat egin dezan, baina ez dute jakinarazi litiozkoa den, oraindik ikertzen ari baitira. Modu horretan, diru sarrera osoa eskuratu liteke.

Ulertzen dut arazotsua dela litioa eta haren kutsadura, uraren meatzaritza bat izatea, baina gauza bera gertatzen da urrearekin, kobrearekin eta burdinarekin. Munduan piztu diren beste eztabaidetako bat da elementu kimikoak birziklatzeari buruzkoa.

Argentina litioaren balio katean sartzea dakarren proiektu baten parte zara, eta horrek ez luke ekarriko bakarrik lehengaien hornitzaile gisa parte hartzea...

Argentinan dugun arazoa zera da, 1800etik gaur egunera arte ez dela izan estatu politikarik. Ezinbestekoa dugu ekonomiak etengabe handitzen jarraitzea, ideologia auziak gorabehera, hartara nolabaiteko segida izan dezagun zientzia aplikatuan, garapen zientifiko teknologikoan eta eremuaren teknifikazioan, eta, horretaz gainera, ezinbestekoa dugu guztiak balio nazional erantsia izatea. Hori konpondu arte, ez dugu izango herrialde garatu baten hazkunderik, ez Argentinan, ez Latinoamerikan.

Gainera, funtsezkoa da litioa baliabide estrategikotzat jotzea, bai hura babesteko, bai kontrol handiagoa bermatzeko. Litioa estrategikoa da, hamaika gauzatan erabiltzen delako, eta, herrialderik industrializatuenek ez dutenez baina zuk bai, horrek ahulago bihurtzen ditu. Herrialde horien hazkunde zientifikoa eta garapena oztopatzen badituzu, arazo larriak izan ditzakezu —Boliviak kolpearekin izan zituen modukoak—, baina, era berean, guztiok alertan jartzen gaitu zenbait gauza gerta ez daitezela bermatzeko, hala nola azpifakturazioa.

Gatz lautaden kontrola hartu behar dugu, eta guk geuk ekoitzi; ezin dugu itxaron merkatuak gure alde zerbait egin arte suntsipena eta espoliazioa geldiarazteko. Merkatuaren esku utziko bagenu, ez legoke ez osasun ez hezkuntza publiko eta doakorik, eta oso gaizki geundeke hori desagertuko balitz. Esaten eta agintzen dituen gauzak betetzeko eskatu behar zaio politikari. Gaur egun, litiozko baterien eta pilen fabrika bat egiten ari gara La Plata hirian, eta espero dugu luzaroan martxan egotea; izan ere, baliabide ekonomiko handiak erabili dira horretarako, La Platako Unibertsitate Nazionalak eta Y-Tec-ek (YPF Tecnologia enpresa) finantzatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.