Zorraren krisia. Grezia

Hartzekodunek nahi badute, parte hartuko dute erreskatean

Alemaniak eta Frantziak akordioa lortu dute, eta Greziaren bigarren erreskatea oztopatzen zuen korapiloa askatu duteAlemaniak parte hartzea derrigorrezkoa izatea nahi zuen, baina orain uko egin dio

jakes goikoetxea
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Greziaren zorraren hartzekodun pribatuek parte hartuko dute herrialdearen bigarren erreskate planean, baina nahi badute bakarrik. Alemaniak lortu du hartzekodunek —finantza erakundeek— parte hartu ahal izatea, baina ez derrigorrezkoa izatea. Euroguneko finantza ministro gehienak, Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala (EBZ) borondatezko aukeraren aldekoak dira. Derrigorrezkoaren kontrakoak behintzat.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak jarrera bateratua lortu zuten atzo, Berlinen egindako bileran. Hiru ordu laurden nahikoak izan zituzten akordioa lortzeko.

Orain, akordio horretan oinarrituta, euroguneko finantza ministroek Greziaren bigarren erreskate plana zehaztu beharko dute: utziko dioten dirua, herrialde bakoitzari dagokion zatia, epeak, Greziari ezarriko dizkioten baldintzak... Euroguneko finantza ministroek goi bilera egingo dute bihar eta etzi Luxenburgon Greziari laguntzeko moduez hitz egiteko. Europako herrialdeetako agintariak ostegunean eta ostiralean bilduko dira. Planak EBZren babesa behar du, Merkelen eta Sarkozyren esanetan.

Ez zuten zehaztu noizko onartuko duten. Esan zuten iraila baino lehen izango dela. Uztailean ziurrenik. Finantza krisian ohi bezala, «beharrezko guztia» eta «ahalik eta azkarren» egiteko prest daudela nabarmendu zuten.

Greziaren zorra atzeratzeko modua izango da. Greziak hartzekodun pribatuei zor diena ordainduko die, baina hala erabakitzen duten hartzekodun pribatuek diru horrekin zor bonu berriak erosiko dituzte. Berez, hartzekodunek bere gogoz parte hartuko dute, baina jakina, euroguneko ordezkariek haiekin negoziatuko dute, parte har dezaten. Ordain erakargarriak eskaini beharko dizkiete, ez kobratzeko arriskua handia baita.

Denbora gehiago

Hartzekodun pribatuek zor bonu berriak erosiz gero, Greziak dirua eta denbora izango ditu. Zorra ez da desagertuko —bigarren planak handitu egingo du—, baina denbora gehiago izango du ekonomia suspertu eta dirua bere kabuz bueltatu ahal izateko.

Greziak 64.000 milioi euro inguru behar ditu zorrak ordaintzeko 2012 eta 2014 artean. Alemania ez dago prest dirua besterik gabe uzteko —interesa kobratzen du—. Etengabe errepikatu du zerga ordaintzaileen diruaz gain hartzekodun pribatuenak ere parte hartu behar duela, bai zorra atzeratuz, bai galerak baldin badaude, onartuz. Hartzekodun pribatuek zenbat eta gehiago parte hartu, euroguneko herrialdeek orduan eta diru gutxiago utzi behar diote Greziari.

Europako herrialde eta erakunde gehienak Alemaniaren eskaeraren kontra zeuden, baina Europak berak onartu du 2013tik aurrera zor publikoaren hartzekodunek galerak izateko prest egon beharko dutela.

Merkelek eta Sarkozyk adierazi zuten Vienako ekimena dela atzoko akordioaren oinarria. 2009an Europako bankuek Europako Ekialdeko zorra kobratu ostean zor bonu berriak erosi zituzten.

Kalifikazio agentziak

Greziaren zorra berregituratzeko modua zehaztuta, ikusteko dago kalifikazio agentzien erantzuna. Praktikan zorra ez ordaintzea Greziaren porrota dela uste badute, kaudimen maila jaitsiko diete Greziaren hartzekodunei, eta garestiago izango dute merkatuetan dirua lortu ahal izatea. Alemaniako eta Frantziako hainbat bankuk eta EBZk berak kezkatuta egoteko arrazoiak dituzte, Greziaren zor asko baitute. Moody's-ek abisua eman die aste honetan Frantziako hiru erraldoiei: BNP Paribas, Credit Agricole eta Societe Generale agentziei. Baina ekimena borondatezkoa izanda, zailagoa da kalifikazio agentziek akordioaren kontra egitea.

Merkelen eta Sarkozyren arteko akordioak berehalako eragina izan zuen burtsetan eta zor merkatuetan. Europako burtsa nagusiek igoerak izan zituzten. Espainiaren arrisku saria oinarrizko 261 puntura jaitsi zen —291ra iritsi zen herenegun—, eta Greziarenak lehen erreskatea onartu zutenetik tasa apalena izan zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.