Herritarrak haserre daude Euskal Herrian, Espainian, Portugalen, Grezian... Atzo, elkarretaratze eta manifestazio jendetsuak izan ziren Madrilen eta Portugalgo hiri nagusietan, gobernuek eta troikak ezarritako murrizketen kontra. Ez Espainian, ez Portugalen, ez dute baztertu datozen asteetan herritarrak greba orokorrera deitzea. Greba orokorra egingo da hilaren 26an Hego Euskal Herrian eta Grezian.
Madrilen dozenaka mila lagun bildu ziren, Gizarte Gailurrak deituta, Espainiako Gobernuari eskatzeko murrizketak bertan behera uzteko eta herri galdeketa bat egiteko, murrizketei eta erreskateari buruz. Vamos! Quieren arruinar el país, hay que impedirlo izan zen mobilizaziaren leloa (Goazen! Herrialdea hondatu nahi dute, saihestu egin behar da). Gizarte Gailurra uztailaren 25ean sortu zuten, eta 150 gizarte erakundek osatzen dute, tartean CCOO eta UGT sindikatuek. Hego Euskal Herriko CCOO eta UGT sindikatuetako bost mila lagun inguruk parte hartu zuten mobilizazioetan. PSOEk eta IUk, protesta babestu, eta ordezkariak bidali zituzten.
Herritarrak kolore ezberdinetako hamar adarretan banatu zituzten Madrilen, jatorriaren eta, langile publikoen kasuan, sektoreen arabera. Guztiek bat egin zuten Colon plazan: hezkuntzakoak, osasun zerbitzuetakoak, gizarte zerbitzuetakoak, mendekotasunekoak, emakumeen elkarteak, suhiltzaileak, postariak, sindikatuetakoak —CCOOkoak eta UGTkoak batez ere—...
Kontzentrazio jendetsua izan zen, eta greba orokorraren atariko mobilizazio itxura izan zuen. Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak eta Ignacio Fernandez Toxo CCOOkoak zuzenean aipatu zuten greba orokorrera deitzeko aukera. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteari ohartarazi zioten berak daukala greba orokorra saihesteko «giltza», herritarrei entzuten badie eta murrizketetan atzera egiten badu. «Gobernuak iritsi nahi duen bezain urruti iritsiko gara; agian [greba] saihetsezina izango da», Mendezen eta Toxoren esanetan. PPren gobernuaren kontrako bigarrena litzateke.
Raxoik ez, baina Luis de Guindos Ekonomia ministroak erantzun zien, herritarren ahaleginak aintzat hartuz, baina murrizketak «saihetsezinak» direla esanez, «egoera konpontzeko eta ekonomia suspertzeko oinarriak ezartzeko».
Egoera aurtengo martxokoaren antzekoa da. Hego Euskal Herrian gehiengo sindikalak greba antolatu zuen martxoaren 29an lan erreformaren kontra. CCOOk eta UGTk ez. Aurrena, CEOE patronalarekin soldatak jaistea hitzartu zuen, baina gero Espainiako Gobernuak hitzartutakoa baino erreforma askoz ere gogorragoa onartu zuen. Azkenean,CCOOk eta UGTk ere grebara deitu zuten martxoaren 29an, bidezkoa, beharrezkoa eta saihetsezina zela esanez; baina iragarri zuten egunean bertan negoziatzeko prest zeudela nabarmendu zuten.
CGTk herritarrak grebara deitu ditu urriaren 21erako, eta atzo CCOOri eta UGTri eskatu zien bat egiteko bere deialdiarekin.
Mendezek Raxoiri eskatu zion errealitateaz jabe dadila, atzo jendeak erakutsitako haserreaz, esaterako: «Milaka herritarrek esan dute kokoteraino daudela, Espainian inoiz ez zaiolako hain denbora gutxian gehiengoari hainbeste min egin».
De Guindos, Lehmanen
UGTko idazkari nagusiak De Guindosi ere erantzun zion, esanez ministroak «herritarren interesak babesteari utzi» diola eta aurreko lana berreskuratu duela, «Lehman Brothersen ordezkari Espainian».
Toxok nabarmendu zuen erreskateak badituela alternatibak, eta eskarmentuak erakutsi duela erreskatea arriskutsua dela. «Greziarentzat, Portugalentzat eta Irlandarentzat beren buruaz beste egiteko bidea izan da; ez daude 2010eko maiatzean baino hobeto», Toxoren iritziz.
Parte hartzaileen kopuru borroka izan zuten antolatzaileek eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak. Mendezek ez zuen kopururik aipatu, baina esan zuen beste batzuetan «bi milioi pertsona» bildu dituzten mobilizazioetan baino jende gehiago zegoela atzo. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, ordea, 50.000-65.000 izan ziren. Antolatzaileek bi mila autobus antolatu zituztela esan zuten; Madrilgo Udaltzaingoak, 500.
Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuaren Madrilgo ordezkaria kexatu ere egin zen, mobilizazioen antolatzaileek milioi bat pertsona espero zituztelako baina, bere esanetan gutxiago izan zirenez, segurtasun eta garraio plana alferrik izan zelako.
Poliziek Espainiako Kongresua eta PPren egoitza zaindu zituzten. Hainbat herritar PPren egoitza ingurura hurbildu ziren, baina poliziek ez zieten utzi aurrera egiten.
'Izorra dadila troika'
Portugalen troikaren eta murrizketa neurrien kontrako manifestazioak egin zituzten atzo. Manifestazioetako leloa adierazgarria izan zen: Que se lixe a troika (Izorra dadila troika). Dozenaka mila lagunek parte hartu zuten. Mobilizazioek sindikatuen, gizarte taldeen, haserretuen eta sare sozialetako hainbat jarraitzaileren babesa zuten.
Neurrien kontra daude oposizioa, sindikatuak, patronaleko ordezkari batzuk eta baita gobernuko koalizioko zenbait ere. Alderdi Sozialistako diputatu batzuek parte hartu zuten atzoko manifestazioetan. Portugalen, hain zuzen, sozialistek hitzartu zuten erreskatea, 78.000 milioi eurokoa, iazko maiatzean.
Atzo, manifestazioak egin zituzten. Herrialdeko sindikatu nagusiak, Confederacion General de Trabajadoresek (CGT), borroka eguna antolatu du irailaren 29rako. CGT eta Portugalgo bigarren sindikatua, Union General de Trabajadores (UGT), aztertzen ari dira herritarrak greba orokorrera deitzea.
Krisia. Murrizketen kontrako mobilizazioak
Haserrea kalean
Dozenaka mila lagunek parte hartu dute Madrilgo eta Portugalgo protestetan, murrizketen eta troikaren kontraCCOOk eta UGTk ez dute baztertu herritarrak greba orokorrera deitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu