Munduko Bankuaren kongresua

Hasi da Munduko Bankuaren kongresua BECen, eta ekin diete protestei

'Innovate 4 Climate' izenburupean, MBk hainbat aditu elkartuko ditu klima larrialdiaz aritzeko. Ekintzaileek errepidea oztopatu dute BECen aurrean.

Manifestari bat, gaur goizean, BECen (Barakaldo, Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi - Paulo Ostolaza
2023ko maiatzaren 23a
09:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Banku Mundialak aldaketa klimatikoa finantzatzen du!; Munduko Bankuari ez, kapitalismoa eta ingurugiroaren suntsipena borrokatu. Euskal Herriko dozenaka eragilek, bi plataformatan antolatuta, lelo horiek erabili dituzte Munduko Bankuak Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan antolatu duen kongresuaren aurka protesta egiteko. Gaur hasi eta ostegunera bitartean, han egingo dute Innovate 4 Climate kongresua, eta MBk hainbat aditu elkartuko ditu klima larrialdiaz aritzeko.

Goizean goizetik hasi dira protestak; Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, EH Kapitalari Planto-k eta Jauzi Ekosoziala plataformak antolatutako protesta dinamikak kontzentrazio zaratatsua zuen deitua 08:30erako, BECen. Besteak beste, erakustazoka pareko errepidea itxi dute. Atean Ertzaintzaren lau furgoi zeuden.

Dinamika horrek biharko deitu du manifestaziora: 19:30ean, Bilboko Plaza Eliptikotik hasita. Ostegunerako, berriz, Yayo Herrero militante ekofeministaren hitzaldi bat antolatu dute, Bilborock aretoan, 19:00etan.

Protestaldiaren deitzaileentzat, bankuak bere jarduna «berdez tindatzeko» antolaturiko konferentzia bat da Barakaldokoa, haien ustez aspalditik finantzatzen baititu klima aldaketaren sorburu diren sektoreak.

Plataforma horrenak ez dira Innovate 4 Climateren karietara deituriko mobilizazio bakarrak. Gaur arratsalderako (18:30), Munduko Bankuari Ez plataformak manifestaziora deitu du Barakaldon. Herriko plazatik irtengo da, eta BECerainoko bidea egingo du. Aurretik, hilaren 18an, mahai inguru bat egin zuten Bilboko San Frantzisko auzoko udaltegian, eta hitzaldi bat 19an, Zazpi Katu gaztetxean.

Haien arabera, argi dago: «Larrialdi klimatikoa negozio eta merkatu berriak zabaltzeko aukera bat besterik ez da oligarkia finantzarioarentzat. Eliteen ekologiaren diskurtsoaren eta oligarkia finantzarioaren instituzioen aurka, mobilizatu gaitezen!», aldarrikatu dute.

Aurtengoa VII. Innovate 4 Climate kongresua da. Modu presentzialean egin zen azken aldian, Singapurren, 2019an, 82 herrialdetako 1.200 ordezkari bildu zituen. Azken bi aldietan, telematikoki egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.