Asteartearekin, apirilak 10, Nafarroako Ogasunak aitorpen proposamena bidaliko die milaka herritarri, eta, erantzunik jaso ezean, itzultzera ateratzen zaienei astelehenean ordainduko die: 181.505 zergadunetatik 113.203ri dirua itzuliko die, 63,4 milioi euro guztira; hau da, bidalitako proposamenen %64ri ituzliko
Ogasunaren bulegoetan egin nahi dutenei aldez aurretik hitzordua eskatzeko epea ostiralean hasiko da eta internetez zein 948 505 505/6 telefonoetara deituta eska daiteke. Hala, ofizialki, kanpaina apirilaren 17an hasi eta ekainaren 22an amaituko da.
Aurtengo berritasunen artean, Zuk egiten duzu posible webgune berria dago, eta errenta kanpainaren ohiko web orriaz gain, bertan informazioa jasotzeko zein aitorpena egiteko modua izango dute herritarrek. Luis Esain Ogasuneko zuzendari nagusiaren arabera, iaz zergadunen %17k egin zuen internet bidez, eta bide hori bultzatu nahi dute "erosoago baitzaio administrazioari bai herritarrari".
Aitorpena in situ egin nahi dutenek Iruñeko, Burlatako, Barañaingo, Lizarrako, Tuterako, Tafallako eta Doneztebeko bulegoetan egin ahalko dute —Donezteberen kasuan, Merkatarien karrikako bulegoa erdi montatua dute—. Aldez aurretik hitzordua eskatuko beharko da eta 20.000 inguru egitea espero dute. Gainera, 17 erakundek parte hartuko dute kanpainan eta euren bulegoetan ere egin ahalko dira aitorpenak. Esainen arabera, 1.200 langile egon ohi dira zergadunen zerbitzura.
Ogasunari ordaindu behar diotenek bi epemuga izango dituzte: behin osorik ordaindu nahi dutenek uztailaren 3rako egin beharko dute, eta bi zatitan pagatu nahi dutenek hilaren 3rako eta azaroaren 20rako pagatu beharko dute.
Ogasunaren arabera, hiru baldintzetako hau betetzen duen herritar orok egin beharko du aitorpena: iaz lanaren etekin osoa 11.250 euro edo gehiago izanez gero; kapital higigarrien etekinak 1.600 baino handiagoak badira; edo bestelako errenta-iturriren baten etekinak edukiez gero "zeinahi dela ere lortutako zenbatekoa".