Hirugarren erreskaterako negoziazioak ostiralean ziren hastekoak Atenasen, baina gutxienez bi oztopo sortu ziren. Bata zen Alexis Tsiprasen gobernuak ez ziola erreskatea negoziatzen hasteko eskaera zuzen eta pertsonalk egin Nazioarteko Diru Funtsari, beste erakundeei ere igorritako eskutitz komun baten bidez baizik. Christine Lagarde NDFko buruari espresuki igorritako eskutitza bidali zion, azkenean, Tsiprasi.
Beste arazoa negoziazioak egin beharreko leku fisikoa zen. Aurreko erreskateak gainbegiratu dituzten troikako kideek Atenas erdialdeko Hilton hotelean hartu izan dute ostatu, Syntagma plazatik oso hurbil. Beltzezko gizon eta emakumeak, ordea, ez dira oso maitatuak Grezia aldean, eta oraingoan negoziazioak "leku seguruago" batera eraman nahi zituztela ziurtatu diote Greziako Gobernuko iturriek Reutersi. Iturri horiek beraiek ukatu egin dute troikako ordezkariek Financial Times-i esandakoa, hots, Greziako agintariek ez dutela troikarekin negoziatu nahi. "Akordioak esaten badu ministerio bat bisitatu behar dutela, onartu egin behar dugu", esan du Alekos Flaburaris Estatu ministroak.
Joan den urtarrilean boterea hartu zuenean, troikaren garaia amaitu zela adierazi zuen Tsiprasek, Greziaren burujabetza nazionalaren aurkako erasotzat jotzen zuelako inspektoreen bisita. Greziaren arazoa politikoa izanik, negoziazioak maila politikoan egin behar zirela nabarmendu zuen. Jarrera hori aldatu behar izan du Greziako lehen ministroak, eta, hirugarren erreskatea nahi baldin badu, troikako kideen are esku hartze zorrotzagoa eta zuzenagoa jasan beharko du.
Lau kideko 'troika'
Berez, Atenasera joango dena ez da troika edo hirukote bat izango, laukotea baizik, Europako Banku Zentraleko, Europako Batzordeko eta Nazioarteko Diru Funtseko ordezkariekin batera (troika originala, orain erakundeak deritzona), ESM Europako erreskate funtsekoak ere parte hartuko baitute negoziazioetan. ESMren kutxetatik 50.000 milioi euro inguru aterako dira Greziarentzat. Guztira, 82.000 edo 86.000 milioi euroren erreskatea izango da hirugarrena, baina azken kopurua hurrengo asteotan erabakiko dute. Negoziazioa abuztuaren erdialderako amaitzea da helburua, abuztuaren 20an Greziak arazorik izan ez dezan EBZri 3.200 milioi itzultzeko. Iragan astean EFSM funtsetik jasotako 7.000 milioi euroak gastatuak ditu Atenasek.
Erreskatea negoziatzen hasteko kreditu emaileek jarritako bi baldintzetako bigarrena ostegun goizaldean bete zuen Greziako Parlamentuak. Gehiengo handi batekin onartu zuen justizia sistema bizkortu eta lehen etxeen desjabetzea ahalbidetuko duen erreforma bat, eta bankuak berregituratzeko EBko araudia bere egiten duen beste bat. Aldeko 230 boto izan zituzten neurriek; aurkako 63, eta bost abstentzio.
Emaitza, ordea, ez da garaipen bat izan Tsiprasentzat, agerian utzi baitu berriro Syrizaren zatiketa. Duela astebete, ezkerreko alderdiko 38 kidek kontrako botoa (32) edo abstentzioa (sei) hautatu zuten; atzo goizaldean, 36k ez zuten lehen ministroa babestu. Botoa aldatu zutenen artean dago Giannis Varufakis Finantza ministro ohia. Oro har Tsiprasek sinatutakoaren aurka dagoen arren, atzo bozkatutako bi neurriak berak eskatutakoak direla nabarmendu zuen.
Syrizako barne gatazka
Erreskatearen negoziazioen hasiera bideratu ondoren, Tsiprasek Syriza barruko gatazka konpontzeari ekin nahi dio orain. Zatiketa oso sakona da: Tsiprasen aldekoak, gogo txarrez bada ere, Bruselan eurogunearekin hitzartutakoa betetzen saiatuko dira, euroan segitzeko; kritikoentzat, berriz, austeritatea amaitzeko promesak du lehentasuna, eta haietako askok eurotik ateratzea babesten dute.
Erreskatearen negoziazioak hasi ahal izateko bi baldintzak oposizioko hiru alderdien babesarekin aurrera atera ahal izan ditu Tsiprasek, baina konponbide horrek ez luzaroan iraungo. "Herrialdea ezin da luzaz egon gutxiengoan dagoen gobernu batekin. Irtenbide garbiak behar ditugu", esan zuen Nikos Pappas ministroak atzo kaleratutako elkarrizketa batean. Ziurrenik, hauteskundeetara deitzea izango da irtenbidea, irailean edo urrian.
Syriza zatituta ere, hauteskunde horiek irabazteko aukera handia du Tsiprasek. Parapolitika egunkariak gaur kaleratutako inkesta batek dio greziarren %61ek iritzi ona dutela lehen ministroari buruz, eta %36k txarra. Euroari eustearen alde daude inkestatuen %78.