Gipuzkoako Kofradien Federazioko lehendakari Jaime Tejedorrek Berriari esandakoaren arabera, iazko harrapaketak kontuan izanda, aurtengo kostera «hobeto hasi da». Baina, Tejedorren iritziz, iraila arte itxaron beharko da azterketa sakonagoa egiteko, abuztuan arrantzatzen baita hegaluze gehiena. «Gainera, garrantzitsuena ez da kostera nola hasi den, nola amaitzen dugun axola zaigu arrantzaleei gehien», dio Tejedorrek.Azken urteetako emaitzek erakusten dute 80ko hamarkadatik harrapaketa kopurua nabarmen jaitsi dela. Duela hogei urte 15.000 edo 18.000 tona arrantzatzen zituzten, baina 2000. urtetik Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziak ez dira 10.000 tona arrantzatzera iritsi. 2002ko harrapaketak, 4.000 tonekin, eta iazkoak, 6.000 tonekin, bereziki txarrak izan dira.Hala, aurten jada zenbat arrantzatu duten ikusi ostean, Tejedor «itxaropentsu» azaldu da aurtengo harrapaketei begira. Gipuzkoako portuetan 2.500.000 tona lehorreratu dituzte uztailaren azken egunera arte, iazkoaren bikoitza. Bizkaiko portuetan, berriz, 1.891.374 tona jaso dituzte; 2003an 951.963 tona harrapatu zituzten ekainean eta uztailean.
Hegaluzearen prezioa, «apalegia»
Hegaluzearen prezioak apalak direla kexatzen dira arrantzaleak. Tejedorrek esandakoaren arabera, hegaluzearen «duela hogei urteko prezioa eta gaur egungoa berdintsuak dira» . Hegaluzea kiloko 2,48 eurotan saltzen da Gipuzkoan (413 pezeta); iaz, 2,90 eurotan. Hegalaburra, berriz, kiloko 4,65 eurotan (774 pezeta). Duela hogei urte hegaluzeak kiloko 350 pezetako prezioa zuen (2,10 euro) eta ordutik hona gauza guztiak hegaluzearen prezioaren gainetik garestitu dira. «Hori ikusita, ez zaigu bidezkoa iruditzen duela hogei urte arrantzatzen zenaren erdia harrapatuta prezioak ia berdinak izatea», azpimarratu du Gipuzkoako arrantzaleen ordezkariak.
Aurtengo hegaluzearen tamaina egokitzat jo ostean, irakurketa bikoitza egin du arlo horretan Tejedorrek. Aurten arrantzatutako hegaluzea tamaina ertainekoa da, iazkoa baino handiagoa. Horrek komertzialki zein produktuaren kalitatean zuzenki eragiten du.Gipuzkoako arrantzaleen ordezkariak esan duenez, tamaina handiagoko hegaluzea errazago saltzen zaie kontserbetarako enpresei, hegaluze txikiak pisu gehiago galtzen baitu garbitzeko orduan. Aurten arrantzatutako hegaluzearen tamainarekin produktuaren %5 ere ez dela galduko azpimarratu du Tejedorrek. Hegaluze txikiak, aldiz, etorkizunean hegaluzea egongo dela adierazten du, eta hori berri ona da arrantzaleentzat.Gipuzkoa izan ohi da hegaluzea freskoan gehien saltzen den lurraldea. Hala eta guztiz ere, harrapatutakoaren %60 inguru kontserbetarako enpresetara bideratzen da. Kopuru hori oso aldakorra da, momentuan harrapatzen dutenaren arabera erabakitzen baitute merkatuan hegaluzea nola banatuko den.
Kosteraren iraupena
Hegaluzea Mexikoko Golkotik etortzen den espezie migratzaile bat da, eta Kantauri itsasora uda oro iristen da. Jaime Tejedorren esanetan, kosterak noiz arte iraungo duen iragartzea ezin da zehatz-mehatz ziurtatu, «itsasoa oso ezezaguna baita».
Kantauri itsasoak hegaluzearentzat ezinbestekoak diren bi baldintza betetzen ditu: batetik, janaria ugaria da, arraina bertan ase arte elikatzeko adinakoa. Bestetik, uraren tenperatura egokia da benetan hegaluzearentzat. Beraz, bi horiek aldatzen ez diren bitartean, hegaluzea bertan gelditzen da. Bi horiek amaitu bezain pronto, Kantauri itsasotik alde egiten du arrainak.
Azken urteetako kosterak ekainean hasi eta irailean bukatu izan ohi dira. Tejedorren arabera, azaro arte luzatu izan ohi diren kosterak ere ezagutu zituen berak garai batean. Baina, Gipuzkoako arrantzaleen ordezkariaren ustetan, kostera urria arte edo azaroa arte luzatzea komeniko litzaieke Gipuzkoako arrantzaleei. Horrela gertatuko ez balitz, atzerriko itsasoetara jo beharko lukete arrantzaleek.
-
LABELA
Kalitate zigilua lortzeko lanean dira arrantzaleak
Gaur egun arrantzatzen den hegaluze kopurua ezartzen zaion prezioarekin bat ez datorrela ikusita, arrantzaleak lanean ari dira Kantauri itsasoan harrapatutako hegaluzeari kalitatezko zigilu bat ezartzeko. Jaime Tejedor Gipuzkoako kofradien federazioko presidentearen esanetan, «egoera zaila da», baina Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailarekin eta merkataritza sektorearekin lanean ari dira, arrandegietan saltzen den hegaluzea «benetako Bonito del Norte» dela ziurtatzeko.
Arrantzan gertatzen ari den globalizazioa dela eta, hainbat herrialdetatik ekartzen dute hegaluzea Euskal Herriko arrandegietara, eta, hala, bertako hegaluzearen prezioa jaitsi egiten da. Zigilu horrek hegaluzearen kalitatean zein prezioan eragingo lukeela uste du: «Jabugoko urdaiazpikoa litzateke hegaluzetan».