Ajuria Eneako maizter berria alokairua igotzeko prest legoke; lehia dago bertan nork lo egingo. Guztiz kontrakoa gertatzen da burtsako akzioetan: lehia dago bertatik azkarrago nor aterako. Galerak onartuta ere, salmentarako joerak dira nagusi, eta atzo %0,76 galdu zuen berriro Ibex-35 indizeak. 2.157 milioiren salerosketa izan zen, eta kanpainan hamaika akziok gorantz egin zuten arren, 22k egin zuten behera. Abstentzioa, Iberia (=) eta Fenosak (=) baino ez zuten aukeratu. Finantza mundua nola egonkortuko erabakitzen ari diren bitartean, Santanderrek %2,89 eta BBVAk %1,24 galdu zuten. Oraindik ere, Europan gehien balio duten lau bankuen zerrendan daude, hala ere, biak ala biak. Zenbaiten inkestetan emaitza onak izan ditu Ferrovialek (+%6,92), eta ehiztarien botoak galdu ditu, berriz, Abengoak (-%5,86), mozkinak aurkeztu ostean. Wall Streeten irribarreak ez zuen gure indizeentzat botorik ekarri; baina egunero daude bozkalekuak zabalik.
Cepsan (-%21,95) duten %36ko partaidetza saltzera doaz Santander (%31) eta Fenosa (%5). Espero zenez, eroslea IPIC funts arabiarra izanen da, eta, aipagarriena, salerosketa prezioa: egun Cepsaren akzioak burtsan duenaren erdia, gutxi gorabehera. Free float edo burtsan zinez kotizatzen duen kapital proportzioa oso txikia da petrolio enpresaren kasuan. Finean, kapitalaren %48 Totalek (-%0,66) du bere esku. Ondorioz, kotizazioa nahiko aldakorra eta fidagarritasun txikikoa da. Ehiztari handi nahiz txikientzat, miratik at mantentzeko txerritxoa.
Hau ez da Ajuria Enea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu