MAKROEKONOMIA

Hazkunde aurreikuspena %2,9ra igo du Jaurlaritzak

Kontsumoa eta inbertsioa uste baino "nabarmen" hobeto ari direla onartu du. 2017an %2,2ko hazkundea espero du.

Iker Aranburu.
2016ko urriaren 6a
09:03
Entzun

Iragarle gehienek aurtengo bigarren erdirako espero zuten ekonomiaren moteltzea uste baino txikiagoa izaten ari da, eta horren ondorioz hazkunde iragarpenak gorantz zuzentzen ari dira erakunde asko. Haietako azkena izan da Eusko Jaurlaritza. Gaur kaleratutako Koiuntura di-da batean buletinean azaltzen duenez, martxoan iragarritakoa %2,5eko hazkundea %2,9ra igo du Ogasun Sailak. 

2017rako lehen aurreikuspena ere egin du: %2,2 haziko da barne produktu gordina.

Barne eskariari zor zaio aurtengo hazkunde uste baino handiagoa, kanpo saldoak hamarren bat kenduko baitio.  Azken  kontsumoa —enpresek, familiek eta administrazioak egindakoa— da hazkundearen motor nagusia: %3,2ko erritmoan hazi zen 2016ko bigarren hiruhilekoan, eta orain moteltzen ari bada ere (%2,7n hazi dela kalkulatu dute), urteko batezbestekoa uste baino handiagoa izango da, %2,8 hain zuzen ere. Espero baino sendoago dago kapital eraketa gordina, hau da, inbertsioa: %3,4 haziko da aurten.

Sektoreei dagokienez, azken hilabeteotan industriak erakutsitako portaera ona zertxobait apalduko da. Ogasunak uste du moteltzea datorren urteko erdialdera arte luzatuko dela, eta 2017ko bigarren erdian berriro suspertuko dela.

Beheranzko joera du eraikuntzak ere. Urteko bigarren hiruhilekoan %2,7 handitu zen haren balio erantsia, baina indarra galdu eta %1,7ko hazkundea baizik ez du espero azken hiruhilekoan. Sektore hori 2017ko bigarren erdian da berriro suspertzekoa.

Industriak baino gorabehera gutxiago izango ditu zerbitzuak: aurten %3 haziko dira, eta %2,4 datorren urtean.

Nafarroan ere, %2,9

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espektatibak ez ezik, Nafarroakoak ere espero baino hobeak direla baieztatu du BBVAk, asteartean aurkeztutako Zertan den Nafarroa txostenaren bidez. Otsailean urte honetarako %2,5eko hazkunde ekonomikoa iragarri zuen, baina sei hilabete geroago, %2,9 handituko dela uste du. Aldiz, 2017an moteldu egingo da zertxobait ekonomia, %2,4ko hazkundea iragarri baitu.

Enpresaburuak ere ezustean harrapatu ditu hazkundearen sendotasunak. Joan den aste amaieran, Gipuzkoaren hazkunde iragarpena hiru hamarren igo zituen Adegik, eta horri esker aurten lurralde horretako langabezia tasa %10etik jaitsi daitekeela aurreratu zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.