Iaz, %2,5 hazi zen euroguneko ekonomia, baina maila horretatik behera izango da hurrengo urteetan. Aurten, hazkunde tasa %2ra iristea espero du (%2,1 esan zuen ekainean), 2019an %1,8 (%1,9), eta 2020an %1,7 (aldaketarik ez). Inflazioa, berriz, EBZk egokitzat duen maila batera helduko da, %1,7ra aurten eta hurrengo bi urteetan —"%2tik behera, baina gertu" da politika ofiziala—.
Mario Draghik azaldu du hiru arrisku daudela ekonomiarentzat. Batetik, Argentinan, Turkian eta gorabidean diren beste herrialde batzuetan dago desegonkortasuna, nahiz eta onartu oraingoz ez dutela izan eragin handirik. Bestetik, EBZ adi dago finantza merkatuek nola erantzungo dioten diru politika gogorragoari. Baina, Draghiren arabera, "desegonkortasun iturririk handiena", protekzionismoaren hazkundea da, eta jada izan du eragina BPGaren bilakaeran.
Diru politika
EBZk baieztatu du urrian erdira txikituko dituela zor erosketak. Urtea amaitu bitartean, hilero 15.000 milioi euro jaulkiko ditu zor publikoa eta pribatua erosteko eta, horrela, ekonomiari bultzada emateko. Ezohiko programa hori urtearekin amaituko da, baina banku zentralak ohartarazi du berriro abian jar dezakeela, horretarako beharra ikusten badu. Gainera, merkatua bat-batean ez lehortzeko, EBZk iraungitzen den zorra berriro inbertituko du.
Interes tasen igoerak pixka bat gehiago itxoin beharko du, 2019ko udara arte gutxienez.