Europa

Hazkunde aurreikuspenak hobetu ditu Europako Batzordeak

Petrolio merkeagoari eta euro ahulagoari esker, eurogunea %1,3 haziko da aurten, aurreko iragarpenean baino 0,2 gehiago. Ez du, ordea, langabezia asko jaisteko balio izango, %11,2n geratuko baita.

Pierre Moscovici, Europako Ekonomia komisarioa. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Iker Aranburu.
2015eko otsailaren 5a
08:57
Entzun

Duela hiru hilabete ezkortasuna zena orain baikortasun arin batek ordezkatu du. Azaroan, udazkeneko aurreikuspenak egin zituenean, Europako Batzordeak ohartarazi zuen hazkundea uste baino ahulagoa izango zela aurten (%1,1) eta datorren urtean (%1,7). Orain, ordea, egoera neurri batean irauli egin da. "Europako ekonomiak itxura argiagoa du orain gure azken aurreikuspena aurkeztu genuenean baino", onartu du Pierre Moscovici Europako Ekonomia komisarioak. Hori bai, orduan 0,6 txikitu zuen hazkunde iragarpena, eta 0,3 baizik ez du igo orain.

Arrazoi nagusiak dira petrolioa gehiago merkatu dela azkenaldian —inportatzaile handia da Europako Batasun osoa eta euroguneko hemeretzi herrialdeak bereziki— eta euroak balioa galdu duenez esportazioak hazi egingo direla. Lehenengo faktorean zerikusi gutxi du EBren politikak, ez bada hazkunde ahulak urre beltzaren eskaria gutxitu egin duela. Bigarrena, berriz, neurri handi batean Europako Banku Zentralaren ondorio da, zor publiko eta pribatua erosteko programak interes tasak gehiago jaitsiko dituelako, eta finantza munduko inbertsiogileak interes handiagoko beste lurraldeetara joaten ari direlako. 

EBk ez du, noski, Euskal Herriari buruzko iragarpenik egin, baina Frantziaren eta Espainiaren datuak erreferentzia gisa onartuz gero, ekonomia uste baino gehiago haziko da. Espainiari, esaterako, %2,3ko hazkundea iragarri dio, azaroan baino hiru hamarren gehiago. Frantziarena, berriz, %0,7tik %1era emendatu du. Hazkundea igo arren, Madrilek eta Parisek beren kontu publikoak orekatzeko lan zaila izango dutela uste du Bruselak, eta ez batak ez besteak ez dutela lortuko beren defizit mugak betetzea. Espainiak %4,5eko defizita izango luke (%4,6 zioen udazkenean) eta %4,1, berriz, Frantziak (%4,3 udazkenean).

Langabezia gutxi jaitsiko da

Barne produktu gordinaren igoerak, edonola ere, ez du askorik egingo eurogunearen arazo nagusietako bat gutxitzeko, langabeziak oso maila handian jarraituko baitu: abenduan %11,4an geratu zen, eta 2015ean, batez beste, %11,2ra jaitsiko da. "Lan handia dago egiteko oraindik milioika europarrek behar dituzten enpleguak sortzeko", aitortu du Moscovicik. Eurostaten datuen arabera, 18,5 milioi daude lanik gabe euroaren eremuan.

Europako Batzordeak onartu du Neguko Aurreikuspenak egitean ez duela kontuan hartu Greziako egoera berriak gauzak nahastu egin ditzakeela herrialde horretan ez ezik, baita beste guztietan ere. Atenasek bere erreskatearen baldintzak beteko zituela kalkulatu zuten Bruselako teknikariek, baina Alexis Tsiprasen gobernu berriak jada iragarri du ez duela halakorik egingo. Euroguneko herrialdeen artean Greziak izan beharko luke hazkunde handienetako bat (%2,5), baina azaroan uste zena baino okerragoa da hori (%2,9).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.