Hazkunde motelak nagusi Europan eta Hego Euskal Herrian

BPGa %0,1 hazi da EAEn, eta %0,4 Nafarroan; urteko bigarren hiruhilekoan «biziagoa» espero du Eusko Jaurlaritzak

Ivan Santamaria.
2010eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Txikia, baina hazkundea. Halaxe laburbildu du Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak 2010. urteko lehen txanpan izan zuen portaera. Eustatek barne produktu gordinari (BPG) buruz emandako datu aurreratuaren arabera, %0,1 hazi zen tarte horretan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Urte arteko tasan, hurbiltzen ari da emaitza positiboetara.

Herrialde eta sektore ezberdinetan izan den egoera zehatzaren berri heldu den astelehenean emango du Eustatek. Hala ere, hazkundea zerbitzuetan oinarritu dela azpimarratu du estatistika erakundeak. Aldiz, eraikuntza eta industria aurreko hiruhilekoan baino eskasago aritu dira. Urtarrila eta martxoa bitartean enpleguak %1 atzera egin duela azaldu du Eustatek, gainera.

Hazkunde oso apala izateari garrantzia kendu nahi izan zion Agirrek. Hala, urteko lehen hiruhilekoaren amaieran eta bigarrenaren hasieran erritmo «biziagoa» sumatu dutela aurreratu zuen. Sailburuak azaldu zuen honezkero EAEko ekonomiak urte arteko tasan ere atzean utzi dituela zenbaki negatiboak.

Jaurlaritzak egindako azken kalkuluen arabera, BPGa %0,5 haziko da aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Gutxienez» horren pareko hazkundea espero du Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun sailburuak Nafarroarentzat, «Espainiako ekonomiak beste bide batetik ez bagaramatza».

Aurreko hiruhilekotik %0,4 hazi zen Nafarroako BPGa urtarrila eta martxoa bitartean. Susperraldiaren bidea hasi dela ziurtatzeko hainbat datu eskaini nahi izan zituen Mirandak. 2007 urteko azken hiruhilean zegoen barne produktua aintzat hartuta, egungoak ordukoaren %98,8 estaltzen du dagoeneko. Industria produkzioaren goraldia (%16, joan den urtearekin alderatuz) eta esportazioen hobekuntza (%12,8 gora) aipatu zituen sailburuak. Kanpo merkataritzari esker, balantza komertziala alde du Nafarroak, 310 milioi eurotan, hain zuzen ere.

Europan, motel

Bien bitartean, susperraldiaren erritmoa ez du hartu oraindik Europak. Urteko lehen hiru hilabeteetan %0,2 izan da Europako Batasuneko eta Euroguneko hazkundea, AEBek izandako %0,8tik urrun. EBko batez bestekoaren adina izan da hazkundea Alemanian, esaterako. Hala ere, datu hori ontzat jo dute adituek, negu gogorrak produkzioa gehiago trabatuko zuela susmatzen baitzuten. Esportazioek eta ekipamenduan egindako inbertsioek gidatu dute hazkundea Alemanian. Neguaren ondorioz eraikuntza lanak gelditu izanak, aldiz, atzera bultzatu du.

Eurostatek emandako datu aurreratuek islatzen dute gero eta herrialde gutxiago daudela oraindik ere atzeraldi egoera teknikoan. Zerrenda horretan daude oraindik Zipre eta Grezia, eta berriro erori da Errumania. Aurreko hiruhilekotik %0,8 uzkurtu da Greziako ekonomia, finantza publikoen hondamendiari gehitu behar zaion beste datu txar bat. Estoniak (- %2,3) eta Lituaniak(- %4,1) erorketa gogorrenak izan dituzte.

Ekonomia handien artetik, Italiak eman du ustekabekoa. Herrialdeak %0,5eko hazkunde adierazgarria izan du, eta atzeraldian berriro sartzeko arriskua uxatu du, iazko azken hiruhilekoan BPGak atzera egin ondotik. Aldiz, Frantziak ez dio aurreko hiruhilekoan izandako datu itxaropentsuari segidarik eman, eta %0,1eko hazkundea soilik izan du. Kopuru berak, aldiz, balio dio Espainiari atzeraldi teknikoa gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.