Hazkunde plana onartzea eta banku batasunean aurrera egitea erabaki dute Bruselan

Goizaldera arte iraun du Espainiari eta Italiari luze gabe laguntzeko neurriei buruzko eztabaidak

jakes goikoetxea
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hazkunde plana onartzea, banku batasunean urratsak egitea eta finantza salerosketen zerga zabaltzea. Hiru neurri horiek ziren, lerro hauek idazteko orduan, Europako Batasuneko goi bileraren uzta apurra lerro hauek idazteko orduan. Goi bilerak gaur jarraituko du. Euroguneko agintariak bilduko dira.

Aurreko asteetan eta atzo entzundakoaren arabera, maiatzeko goi bilera aurreko guztien parekoa izango dela dirudi: adierazpen potoloak goi bileraren aurretik, esanez «erabakigarria» dela eta euroaren etorkizuna jokoan dagoela; goizaldera arteko negoziazioak; ostiralean ez ur ez ardo ez den akordioa, baina denak pozik; eta hurrengo astean danbatekoa merkatuetan. Hurrengo goi bilerara arte.

Europako Batasuneko agintariek bi eratako neurriak zeuzkaten atzo mahai gainean Bruselan. Alde batetik, epe laburrekoak, Espainiari eta Italiari mesede egitekoak: erreskate funtsek dirua zuzenean bankuei eman ahal izatea eta funts horiek zuzenean herrialdeen zorra erostea; bestetik, luzera begirakoak, banku batasuna, batasun fiskala eta eurobonuak, esaterako. Epe laburra egunetako eta asteetako kontua da; luzea, berriz, hilabeteetakoa eta urteetakoa. Europako Kontseiluak, Europako Batzordeak, Eurotaldeak eta Europako Banku Zentralak hamar urtera begirako proposamenak egin dituzte aste honetan.

Atzo arratsaldean jada zenbait komunikabidetara iritsi zen goi bileraren amaierako adierazpenaren zirriborroa. Zirriborroak dio onartu egingo dituztela, bai ekonomiaren hazkunderako plana, bai bankuen batasunaren zenbait neurri. Gainerako arlo gehienetan, ordea, ez zen erabaki potolorik espero atzo gauean.

Herrialdeek ez zeukaten aitzakiarik hazkunde plana ez onartzeko: guztien artean 10.000 milioi euro jarrita, 130.000 milioi euroko inbertsioa lortu nahi baitute. Nola? Lehendik jarrita edo bideratuta dagoen dirua baliatuta. Europako Inbertsio Bankuaren maileguak, azpiegiturentzako zor bonuak eta Europako Inbertsio Funtsa erabiliko dituzte.

Zehaztasun gutxi inbertsioez

Europako Inbertsio Bankuaren arabera, 150.00-180.000 milioi euro artean izango ditu datorren urte hasieran. Azpiegiturak ordaintzeko zor bonuak jaulkiko dituzte, estreinakoz: 4.500 milioi euro lortu nahi dituzte garraio, energia eta banda zabaleko azpiegituretarako. Eta plana osatzeko Europako Inbertsio Funtsaren dirua, egiturazko funtsak, berriro antolatuko dituzte eta ekonomia sustatzera bideratuko dituzte. Ez dute zehaztu dirua zertan gastatutako duten eta herrialdeen artean nola banatuko duten. Alegia, okerren dauden herrialdeek gainerakoek baino diru gehiago jasoko duten edo ez.

Adierazpenaren zirriborroak dio Europako Batzordeak urtea amaitu baino lehen aurkeztuko dituela lege proposamenak Europako Batasuneko «finantza erakunde guztien» ikuskatzailea sortzeko; bezeroen gordailuak bermatzeko funtsak osatzeko; eta bankuak berregituratzeko funtsak sortzeko.

Bi neurri horiez gain, hainbat herrialde daude finantza salerosketei zerga bat ezartzearen alde, Tobin tasa deitzen dena. Alemaniak eta Frantziak babesten dute, eta hori nahikoa da beste hainbat herrialdek ere neurria onartzeko. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak finantza salerosketen zerga onartu behar izan du, oposizioak zerga diziplinari buruzko ituna babesteko.

Espainiaren eta Italiaren egoera azkar hobetzeko neurriak eztabaidatu zituzten, baina lerro hauek idazteko orduan oraindik ez zuten akordiorik lortu: erreskate tresnek dirua zuzenean bankuei ematea; erreskate tresnek herrialdeen zorra erostea; eta EBZk herrialdeen zorra erostea, baina erreskate tresnen bermearekin.

Arrisku saria, gora

Espainiaren egoera eutsiezina da. Italiarena hobea, baina oso txarra. Bientzat garestiegia da zor merkatuetara jotzea: Espainiaren arrisku saria 543 puntuan geratu zen atzo, eta Italiarena 468an; hamar urterako zor bonuen interesari dagokionean, berriz, Espainiarena ia %7ra iritsi zen, eta Italiarena %6,2an dago. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak Bruselan argi eta garbi esan zuen herrialdearen egoera zein den: «Espainiako erakunde batzuek ezin dute beren burua finantzatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.