Hazkundea moteldu da, eta Eusko Jaurlaritzaren iragarpena ez da bete

Apirila eta ekaina bitartean %0,8 handitu da barne produktu gordina, gobernuak espero zuena baino lau hamarren gutxiagoZerga bilketa %4,5 igo ondoren, urte osoko aurrekontua beteko duela uste du Bizkaiak

Langile bat bobinak aztertzen, Gasteizko Arteche-Nissin lantegiko areto garbian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Trumoi hotsak entzuten dira nazioarteko ekonomian. Orain argitu beharra dago zaparrada azkarra datorren, edo ondorio larriak izango dituen enbata gogorra izango den. Etorkizuna zalantzan dago, eta iraganeko datuetan ere okerrerako aldaketa sumatzen hasi da. Beste herrialde batzuetan gertatu den gisara, hazkundearen erritmoa moteldu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek, apirila eta ekaina arteko kontu ekonomikoen aurrerapena argitaratu zuen atzo: EAEko ekonomia%0,2 hazi zen aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta %0,8 urte arteko tasan. Aurreko hiruhilekoan baino %0,1 gutxiago izan zen, bi kasuetan. Barne produktu gordinak hazkundeari eutsi dion arren, susperraldiaren erritmoa nabarmen hoztu da. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak bigarren hiruhileko horretan urte arteko hazkunde tasa %1,2 izango zela kalkulatu zuen. Ez da bete, eta zaila izango da urte osorako aurreikusi zuen hazkundera iristea (%1,4).

Zerbitzu sektoreak uste baino indar handiagoa izan badu ere, industriaren ekarpena txikiagoa izan dela jakinarazi du Eustatek. Eraikuntzaren erorketak berehorretan jarraitzen du, ordea. Enpleguari dagokionez, %0,4 egin du atzera aurreko urtetik, eta igoera oso txikia izan du urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuz (%0,1). Datorren asteartean kontu ekonomikoen xehetasunak argitaratuko ditu Eustatek. Sendoagoa izan zen Nafarroa tarte berean: %1,8 urte arteko tasan eta %0,5 hiruhilekotik hiruhilekora.

Urteko hirugarren hiruhilekoan zer gertatuko den ez dago garbi. Datu kontrajarrien artean, industriak albiste ona eman berri du. Uztailean %3,3 handitu zen produkzioa, batez ere ekipo ondasunen bultzadak lagunduta. Datua ekainekoa baino hobea izan zen, gainera.

Munduko ekonomia nagusiek gutxi egin dute aurrera apiriletik ekainera. Alemanian, esaterako, hiruhilabeteko hazkundea %0,1 izan zen, eta Frantziak ez zuen ez gora ez behera egin. AEBetan ere susperraldia gelditu da. Uda gatazkatsuak hurrengo hilabeteetan gertatuko denari buruzko kezka handitu du. Europan zorraren krisiak ez du artean konponbide egonkorrik lortu, eta horri beste atzeraldi bati zaion beldurra gehitu zaio, merkatuak hondoratu dituena.

Egoera gaiztotu izanak berehalako ondorioak izango dituela ohartarazi du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE). Japonia izan ezik, urteko bigarren erdian munduko zazpi ekonomia aurreratuenak %1 baino gutxiago haziko direla kalkulatu du OCDEk egoerari buruzko azken txostenean. Alemaniak eta Italiak hiruhileko batean hazkunde negatiboa izango dutela kalkulatu du. Ziurgabetasun handia dago, eta OCDEk ez du baztertzen ekonomia handiren bat atzeraldian erortzea, baina gainbehera ez dela 2008-2009 urteetakoa bezain handia izango ziurtatu du. Europako Banku Zentralak ere hazkunde iragarpenak berrikusi ditu, murrizteko.

Bizkaian, bilketa gora

Egoera ekonomikoan dauden hodei beltzak gutxi balira bezala, kontu publikoak orekatzeko buruhausteei aurre egin behar diete orain euskal administrazioek. Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroak zerga bidez ez dutela espero bezain beste diru bilduko aurreratu dute dagoeneko, eta gastu publikoan murrizketak iragarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak ere iragarri du aurrekontuari artaziak sartuko dizkiola.

Bizkaia falta zen, eta herrialde horretan zerga bilketak ustekabea eman du, onerako. Uztaila arte %2,3 murrizten ari zen, baina abuztuko itxierarekin egoerari buelta eman zaio, eta bilketa %4,5 handitu dela jakinarazi zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak.

Egoera ez zela uztaileko datuek ziotena bezain premiazkoa agerian geratu dela uste du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Abuztuko datuei itxaroteko eskatu zuen Bilbaok, «benetan adierazgarriak» direlako. Hala, Bizkaiak 172 milioi gehiago bildu ditu. Nabarmentzekoa da sozietate zergan izandako igoera: %32. Herrialdeko enpresa garrantzitsu batzuen likidazioari zor zaiola azaldu zuen ahaldun nagusiak.

Hazkundea esanguratsua izan bada ere, joan den urtean Jaurlaritzak eta foru aldundiek hitzartu zutenaren azpitik dago. Horren ardura Patxi Lopezen gobernuari egotzi dio Bilbaok. «Aldundiok genuen kalkuluen antzekoa da oraingo hazkundea. Baina gero Jaurlaritzarekin akordioa egin genuen, eta aurreikuspenak gora egin zuen». Hala eta guztiz ere, Bizkaiak aurrekontuetan jasotakoaren %97 estaltzea espero du, eta ez du defizit gehiago sortuko.

Araba eta Gipuzkoaren artean espero zutena baino 543 milioi gutxiago bilduko dituzte. Urriaren 15ean urteko itxiera finkatu behar dute administrazioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.