Azken urteko hazkunde tasarik txikiena da 2015eko hirugarren hiruhilekokoa. Bigarrenean hazkundea %0,4koa izan zen, eta %0,5 lehenengoan. Gorabidean dauden herrialdeen moteltzeak eragindako datua da neurri batean, Txina edo Brasilerako esportazioak ez daudelako unerik gozoenean.
Urte arteko tasan, berriz, hamarren bat egin du gora hazkundeak, %1,5etik %1,6ra. Urtea tasa horretan bukatuko duela uste du Europako Batzordeak, joan den astean aurkeztutako udazkeneko aurreikuspenetan. Faktore indartsuak alde izan arren, susperraldia «ahula» izaten ari dela onartu zuen orduko hartan Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioak. Petrolio merkeak, euroaren balio galtzeak eta EBZren diru politikak lagundu dute kontsumo pribatua eta esportazioak indartzen, baina distirarik gabeko susperraldia da, joan den maiatzean komisarioak haizatutako «ekonomiaren udaberritik» urrun. Gainera, aldeko haizearen bultzada baretzen ari da, eta okerrera egiteko arriskuak handitu dira, bereziki gorabidean diren herrialdeen moteltzeari lotuta.
Eurostatek gaur zabaldutako datuen arabera, herrialderik ez dago atzeraldi teknikoan (bi hiruhileko jarraian datu negatiboekin), baina hiruk hazkunde negatiboa izan dute udako hilabeteetan: -%0,6 Finlandiak, eta -%0,5 Greziak eta Estoniak. Beste aldean, hazkunde tasa sendoa izan dute Errumaniak (%1,4), Poloniak eta Eslovakiak (%0,9), eta Espainiak (%0,8).
Hego Euskal Herria ere %0,8 hazi zen urteko hirugarren hiruhilekoan, Eustaten eta Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera. Urte arteko tasa antzekoa dute lurralde guztiek, %3koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (herrialde bakoitzekoa artean ez du eman), eta %3,1, berriz, Nafarroan.