Hazkuntza handiagoa izango da munduan, baina ez eurogunean

Nazioarteko Diru Funtsak %4,6ko hazkundea aurreikusten du aurten munduan, irailean iragarritakoa baino %0,6 gehiago; eurogunean, ordea, 2004rako aurreikusitako hazkundea %1,7koa da, %0,1 gutxiago

Erredakzioa
2004ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Sei hilabetean behin ateratzen du Nazioarteko Diru Funtsak munduko ekonomiaren bilakaerari buruzko bere aurreikuspenen txostena, hazkunde iragarpenak eginez eta aurretik egindako aurreikuspenak berrikusiz. Oro har, aurreikuspen baikorrak aurkeztu zituen atzo Washingtonen Raghuram Rajanek, NDFko ekonomista buruak: «Suspertzea bide onetik doa eskualde guztietan» , esan zuen eta perspektibak munduko ekonomian «lasaigarriak» direla gaineratu zuen.

NDFren aurreikuspenen arabera, munduko ekonomia %4,6 haziko da aurten, irailean aurreikusitakoa baino %0,6 gehiago eta 2003ko %3,6ko hazkundearen gainetik. Txina eta haren inguruko Asiako herrialdeak batetik eta AEBak bestetik izango dira munduko hazkuntzaren pizgarri nagusiak. Aldiz, eurogunerako, %1,7ko hazkunde mugatua aurreikusten du nazioarteko erakundeak, irailean iragarritakoa baino %0,1 gutxiago. Gogoratu behar da, gainera, euroaren eremuko hamabi herrialdeak soilik %0,4 hazi zirela 2003an. NDFren ustez, «barne kontsumoak ahul jarraitzen du» eta zenbait hazkunde indikatzaile «gelditu» egin dira. Eurogunean barne eskariak gora egingo duela jasotzen dute aurreikuspenek, baina, euroguneko hazkundeak oraindik menpekotasun handia izango du kanpo eskariarekin.Munduko ekonomiaren motor garrantzitsuenetako bat diren AEBek, berriz, hazkunderako bidea hartu dute eta iaz %3,1 hazi ostean, %4,6 haziko da aurten ekonomia estatu batuarra. NDFk interes tasen jaitsiera aurreikusten du AEBetan, urteko bigarren zatian. Dena dela, AEBetako ekonomiarentzat ere ikusten ditu arriskuak nazioarteko erakundeak, batez ere, defizit bikoitzarengatik. Aurrekontu defizita eta kontu korronte defizita dituzte Estatu Batuek; barne eskari sendoa dela eta, murrizketa oso mugatua aurreikusten da AEBetako kontu korronte defizitean, iazko BPGaren %5etik soilik %4ra 2009an.

Interes tasen igoera mundu mailan

«Galdera ez da interes tasak igoko diren ala ez. Noiz eta zenbat igoko diren da galdera», azaldu zuen atzo Raghuram Rajanek. Nazioarteko Diru Funtsak oso argi du interes tasak igo egingo direla, «oso maila txikian daudelako». Nazioarteko erakundeak mundu mailan ikusten du interes tasen igoera. AEBetan ez bezala, urte honetarako interes tasen igoerarik ez du iragartzen euroaren eremuarentzat. Are gehiago, Rajanen ustez, euroguneko zifra ekonomiko ahulek, agian, eman diezaiokete EBZri interes tasak jaisteko aukera.

Hala ere, mundu mailako interes tasen igoeraren aurreikuspena hor dago, eragin ditzakeen arrisku eta guzti. NDFren aburuz, tasen igoera zakarra eta bapatekoa bada, etxebizitzen merkatua kaltetu dezakete, batez ere interes aldakorrak nagusi diren eta, ondorioz, etxebizitzen prezioetan igoera ikusgarriak dituzten herrialdeetan. Australia, Erresuma Batua, Irlanda eta Espainia aipatu ditu NDFk. Tasen igoerak «etxe agentzien burbuila» eztandarazi dezake, eta kaltea kontsumora kutsatu.

-

ARRISKUAK



Petrolioaren prezioa, kezka handia



Munduko hazkunde ekonomikoa murriztu dezakete egungo petrolioaren prezio altuek. Nazioarteko Diru Funtsaren ustez, egungo prezioak eskariaren igoeraren ondorio dira, esaterako, AEBetan iaz eskariak %2 egin baitzuen gora eta Txinan iazko uztailetik abendura %14. Bi ekonomia erraldoien hazkunde erritmoaren erakusle dira zifra horiek.

Baina eskariaz gain, eskaintzan ere badaude prezioen igoera esplikatzeko arrazoiak. Gatazka baten ondorioz herrialderen batean petrolio horniketa etengo balitz, egoerari aurre egiteko ekoizpen ahalmen nahikorik ez dagoela uste du NDFk, eta mundua nola dabilen ikusita... Esaterako, hor daude Irak, Venezuela eta Nigeria. NDFren arabera, petrolioak batez bestekotik bost dolar gorago irauten badu urtebetez, munduko ekonomia %0,3 gutxiago haziko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.