Gaurdanik, antxoa arrantzatu dezakete Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Egingo al duten ala ez ikusteko dago, ordea. Oso haserre hartu dute kostera zabaltzeko Espainiako Gobernuak hartu duen alde bakarreko erabakia, baina ikusita ia ez dagoela hegaluzerik, antxoatara joateko aukera aztertzen ari direla onartu du Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiako idazkari nagusiak, Miren Garmendiak. «Ez dute lau eguneko bidaia egingo —Irlandaraino— horrek dakarren gasolio gastuarekin, arrantzatzea kostatzen ari den hegaluzearen bila, hemendik bi ordura 2.000 tona antxoa badaude arrantzatzeko».
Ostiralean jakinarazi zuen Madrilek orain 2.000 tona arrantzatzeko baimena emango zuela. 2014ko uztailaren 1etik 2015eko ekainaren 30erako kuotatik aterako da kopuru hori, horrela banatzen dituelako kuotak Europako Batasunak. Orain arte, kuota horren %90 apiriletik ekainera arteko arrantzaldirako uzten zuten, orduan baitago antxoa Bizkaiko golkoan, eta gainontzekoa uste zuten udarako.
Kuotari orain kosk egitea gaizki iruditzen zaie Bizkaiko, Gipuzkoako eta Kantabriako arrantzaleei, datorren udaberriko kanpaina —inportanteena— ahuldu dezakelako. Iritzi horretakoa da Jaurlaritza ere. Larunbatean, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak «jokoaren arauak haustea» egotzi zion Espainiako Gobernuari. Galiziarrek, ordea, zabaldu nahi dute, sardina gutxi dagoela argudiatuta. Beste arrazoi bat ere aipatu du Garmendiak: Portugalgo uretan (bederatzigarren esparrua) ezin dutela antxoa gehiago arrantzatu, zegokien kuotaren halako bost arrantzatu dutelako.
Berdelaren kosteraren kontura ere desadostasun handiak izan ziren Bizkaiko golkoko alde bateko zein besteko arrantzaleen artean, kuotaren banaketa dela eta. Azkenean, Espainiako Gobernuak kuota handiagoa eman zien Bizkaiko, Gipuzkoako eta Kantabriako arrantzaleei, historikoki haiek arrantzatu izan dutelako berdela.