Aeronautika

Hegan klusterraren fakturazio errekorra: 1.720 milioi

Espazio eta aeronautikako euskal sektoreak %9 igo du negozioa 2013an, Hegan klusterrak jakinarazi duenez. Berrogei enpresak 12.418 lanpostu zuzen ematen dituzte gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

ITP enpresaren zuzendari orokorra, Ignacio Mataix (ezkerrean), artxiboko irudi batean. M. TOñA, EFE
xabier martin
2014ko maiatzaren 6a
08:01
Entzun

Hegan klusterra osatzen duten berrogei euskal enpresa ziztu bizian doaz gora 2013ko datuak kontuan hartuz. 1.720 milioi euroko fakturazioa lortu du, iaz baino %8,6 gehiago, eta errekorra sektorean. Enpleguak ere gora egin zuen iaz, %3 hain zuzen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ordea, %1,4koa izan da enpleguaren igoera, apalagoa nazioartearekin alderatuta. Edonola ere, Hegan klusterreko enpresek iaz egindako aurreikuspen baikorrak bete direla esan du Ignacio Mataix Hegan klusterreko presidente eta ITP taldeko zuzendari nagusiak.

Fakturazioaren bolumena handitzeko oinarria nazioartekotzean egon da. Nazioarteko lantegiek 242 milioi euro eragin dituzte; haien fakturazioa %37 igo da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako plantetan, berriz, 808 milioiko negozioa sortu da, 2012an baino %5,4 gehiago. Espainiako merkatuan sortu dituzte beste 671 milioi euroak, %4,6 gehiago.

Esportazioak eta enplegua

Esportazioetan mila milioi euroko maila gainditu da estreinakoz. Hegan klusterreko enpresek 1.100 milioi euro esportatu dituzte. Salmenta osoaren %64 esportazioak dira, eta esportazio guztien %26,2 Erresuma Batura egiten dira. AEB (%19,7) eta Alemania dira (18,7) ersportazioen zerrendako hurrenak.

Aeronautikaren sektorea ongi doala, alegia, gustura daudela dio Mataixek, eta aurten kopuru horiek gainditzea espero dutela, hala negozio bolumenean nola enpleguan. 12.418 lanpostu zuzen sortzen dituzte Heganeko enpresek; iaz %3 hazi zen enplegua (EAEn %1,4) 2012arekin alderatuta, eta aurten enplegu gehiago sortzea aurreikusi dute, ez salmentak bezain beste ordea (%5). Azken lau urteotan 2.600 lapostu sortu dituzte sektorean.

166 milioiko inbertsioa egin zuten Hegan klusterreko enpresek 2013an I+G atalean, salmenten %9,7. 1993tik lortutako salmenten %16,4 I+G atalean inbertitu dute enpresek batez beste. Azken urteetan 1.375 milioi baliatu dituzte ikerketarako, oinarrizko atala sektorean aurrera egiteko, Hegan klusterreko bozeramaileek esan dutenez. Sektorearen eskaeraren olatuarekin batera joaten jakiten ari da Hegan, haren agintintarien esanetan, eta bere posizioa egonkortzen ari da. Etorkizuna baikortasunez aztertzen dute, besteak beste 2032rako hegazkienen flota bikoiztu egingo dela aurreikusi dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.