Sektoreko euskal enpresa nagusiak Aeronautika Clusterrean biltzen dira, elkarlanerako. Clusterreko buru, Jose Juezek alorraren ezagutza zuzena du.
Argazkietan ikusten dugun hegazkin horretan euskal industriak ere partehartu du.
Bai, parte-hartze garrantzitsuaizan du. Egituran eta sistemetan parte hartu du euskal aeronautika industriak, Airbusekin zuzenean lanean. Eta motorretan ere parte hartu da, ITPren eta haren hornitzaileen bitartez. Motorraren behe presioko turbina osoa egiten ari da eta motor baten %14 diseinatu eta egitea lan izugarria da.
Gamesa eta ITP dira gehien entzun diren enpresak. Baina badaude enpresa txikiak piezak eta mekanizatuak egin dituztenak.
Bi enpresa mota daude. Bezeroak jarritako baldintzei, arriskuan sartzeko baldintzei erantzun dieten enpresak, eta enpresa txikiak, agian arriskuan sartu gabe, beraien osagaiak jarri dituztenak. Horrek guztiak aeronautika sarea mantentzen lagundu du, eta hornitzaile gehiago garatzen. Hegazkina saltzen den heinean eta ekoizpena areagotzen, parte-hartze handiagoa beharko da euskal enpresen aldetik, lan ugari izango da, Airbusek eskatzen du eta.
Zein da sektorearen maila?
Hegazkinak teknologia berrien garapena ekarri du eta, bide horretan, bultzada handia izan da hainbat enpresaren negozioentzat, etorkizuneko hegazkinek beharko dituzten teknologia eta materialetarako teknologiak garatu eta prest egoteko. Zenbaiti euren ekoizpenaren kudeaketa hobetu beharra eragin die, eta beste zenbait handitu egin dira, eta bat egiteko beharraz jabetu dira. Hegazkin honek lan filosofia berria ekarri du; erronka berriari erantzun behar izan diote euskal enpresek. Teknologian, kudeaketan eta finantzaketan berrikuntzak ekarri ditu.
Enpresez gain, Miñaoko Aeronautika Teknologien Zentroan A380ko piezak ere probatu dira.
Bai, bai. CTA aspalditik ari da Airbusekin lanean, eta A380arekin, zehazki, zenbait pieza probatu dira eta probatzen jarraituko dira. CTA ez da ikerketa eta garapenean soilik aritzen. Bere zerbitzu nagusietako bat da probena, eta hori beharrezkoa da sektorean, osagai guztiak probatzea, Zamudion daukagun proba bankuan ere motorrerako turbinen osagaiak probatzen dira, diseinua hobetzen da... Zentroa oso oinarri garrantzitsua da sektorearentzat.
Euskal enpresarik ba al dago Boeing-entzat lanean?
Aibusentzat ari direnak baino gutxiago, baina bai, ari dira lanean. Duela urte batzuk Espainian egon ziren Boeingeko komertzial batzuk, eta garai batean egin ziren gauzatxo batzuk haientzat. Orain, ordea, 7E7 hegazkin berriarekin Boeingek aldatu du pixka bat bere filosofia, eta ari da bere lan batzuk AEBetatik bereizten. Hor aukera garrantzitsua dago. Gamesa jada hasi da lanean Boeingen hegazkinen baten moldaketan... Logikoa da, aeronautikan bezero hegazkingile gutxi daude eta. Hegazkin handietan Airbus eta Boeing bakarrik daude. Tartekoetan Bombardier eta Embraer daude, eta haientzako ere egiten da lan hemen.
Zer iritzi duzu Boeingen eta Airbusen arteko gerra horri buruz? Estatuen laguntzen inguruko ika-mika zabaldu du Boeingek...
Gai delikatua da, harrigarria eta ulergaitz samarra. Egon dira akusazioak diru laguntzen erabilerari buruz eta abar. Airbusekin hitz eginda, guk gauzak ondo egin direla uste dugu. Bizitzan irabazten jakin behar da, baita galtzen ere.
Zure ustez, asmatu du Airbusek aire trafikoan etorkizunean finkatuko den ereduarekin, zentro handien arteko loturak nagusituko direla esanez, edo Boeingen apustua da zuzena, hots puntutik punturako loturak gailenduko direla?
Ez nago ados bi apustuen ideia horrekin. Gertatu dena da zera da, eta bere garaian Boeingek berak aitortu zuen, bazegoela zoko bat merkatuan, distantzia handi eta bidaiari kopuru handiena Airbusek garaiz aztertu zuena, Boeingi aurrea hartuta. Zoko hori ez da handia, baina A380ak hartu du, eta ez dago beste inorentzako lekurik. Baina hori merkatuaren zati txiki bat da.
HEGAZKINGINTZA. JOSE JUEZ
«Hegazkina saltzen den heinean, lan ugari izango da euskal enpresentzat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu