Ekonomia

Hego Euskal Herrian behera egin du langabeziak, eta 5.826 langabe gutxiago daude

Langabeak, hala ere, 191.119 dira, iaz baino 19.775 gehiago. Lau lurraldeetan jaitsi da langabezia, baina gehien Araban egin du %5,34. Iazko kopuruekin alderatuta denetan egin du gora, gehien Bizkaian (%17,65) eta gutxien Nafarroan (%2,58).

2011ko ekainaren 2a
16:32
Entzun 00:00:0000:00:00

Langabeziak behera egin zuen maiatzean Hego Euskal Herrian. Espainiako Lan Ministerioak eman berri ditu datuak, eta guztira 191.119 langabe daude. Apirilean baino 5.826 langabe gutxiago da hori, baina iazko maiatzeko datuekin alderatuta iaz baino 19.775 langabe gehiago daude.

Langabezia lau lurraldeetan jaitsi da, baina aipagarria da jaitsiera hori Araban izan dela handien. Lurralde horretan %5,34 jaitsi da langabezia. Iazko datuekin alderatuta, berriz, datuak txarrak dira, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egin baitu gora.

Gorakada hori oso nabarmena da Bizkaian, 12.499 langabe gehiago baitaude iaz baino, %17,65 gehiago. Igoerarik txikiena Nafarroan jaso da, beste hiru lurraldeetan iazkoarekin alderatuta langabeziak hamar puntutik gora egin duen bitartean, Nafarroan %2,58 igo baita (1.076 langabe gehiago).

Sektoreei dagokienez, zerbitzuena izan da langabezia gehien jaitsi dena apiriletik maiatzera, lau lurraldeetan. Hala ere, sektore hori da langabezia datu txarrenak dituena. Hego Euskal Herrian dauden 191.119 langabeetatik 117.356 dira sektore horretakoak.

Datuak

Araba. Maiatza bukaeran 22.181 langabe.
Apiriletik -1.252 (-%5,34), iazko maiatzetik +2.303 (+%11,59).

Bizkaia. Maiatza bukaeran 83.329 langabe.
Apiriletik -2.564 (-%2,99), iazko maiatzetik +12.499 (+%17,65).

Gipuzkoa. Maiatza bukaeran 42.837 langabe.
Apiriletik -992 (-%2,26), iazko maiatzetik +3.897 (+%10,01).

Nafarroa. Maiatza bukaeran 42.772 langabe.
Apiriletik -1.018 (-%2,32), iazko maiatzetik +1.076 (+%2,58).

Hego Euskal Herria. Maiatza bukaeran 191.119 langabe.
Apiriletik -5.826, iazko maiatzetik +19.775).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.