Gestha Espainiako ogasun teknikarien elkarteak egindako kalkuluen arabera, amatasun sariei egindako atxikipenen itzulketa jasoko duten aitak eta amak 12.018 izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —Nafarroak ez du ezer itzuliko—. Hots, 2014, 2015, 2016, 2017 urteetan hiru herrialdeetan amatasun saria jaso zutenen %19,6.
Soldata txikiak dira, Gestharen arabera, ehuneko txiki horren azalpena. “Oro har, emakumezkoen soldata txikia izaten da, batez ere ama izateko adinean daudenean”. Ogasun teknikarien ustez, soldata arrakalari eta kristalezko sabaiari gehitu behar zaio emakumeen okupazioa handiagoa dela lanaldi partzialetan. Era berean, ordainketa txikiagoa izaten dute emakume gazteek, oraindik esperientzia eta promozio profesionalik bildu ez dutelako.
Azkenean, soldata txikiarengatik gerta daiteke ama edo aita horiek bere garaian atxikipenik ez ordaindu izana errenta zergan. Orain, beraz, amatasun-aitatasun prestazioa errenta zergatik salbuetsita dagoela ebatzi dela ere, atxikipenik izan ez zenez, ez da aldaketarik izango garai hartako haien errenta aitorpenetan.
Gesthak zenbait enpresen jokaera ere aipatzen du onuradun kopuru murritzaren arrazoien artean. “Atxikipenenen kalkuluan murrizketa drastikoa egiten dute, amatasuneko bajarengatik soldataren laurdena deskontatuta”. Zenbait enpresek atxikipenen kalkulua egiterakoan amatasun baimeneko lau hilabeteak bazter utzi eta atxikipenen kalkulurako urteko beste zortzi hilabeteak soilik hartzen dituzte kontutan. Espainiako datua horren adibide: ama landunen %83k soilik irabazten dute urtean 18.400 euro baino gehiago. Enpresek aipatutako kalkulu hori egiten badute, urteko soldata 12.300era jaisten da eta.
1.678 euro, batez beste
Ogasun teknikariek emandako datuen arabera, itzulketa jasoko duten 12.018 aita-ama horiek, batez beste 1.678 euro jasoko dituzte eta, orotara, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 20,2 milioi euro itzuliko dituzte.
Herrialdeka, Gipuzkoak du itzulpena jasoko duten aita-amen kopuru handiena, 5.932 lagun. Gipuzkoako Ogasunak 9,8 milioi euro itzuli beharko dituela kalkulatzen du Gesthak. Bizkaian 3.891 dira itzulpena jasoko dutenak eta 6,7 milioi euro ogasunak itzuli beharreko kopurua. Araban, kasu berezia da, lau urteetakoak ez, azken bost urteetako atxikipenak itzuliko baitira, hots, baita 2013. urtekoak ere. Guztira 2.195 aita-amek izango dute itzulpena jasotzeko eskubidea eta Arabako Ogasunak 3,5 milioi euro itzuli beharko ditu.
Amatasun eta aitatasun baimenetako laguntzei errentan azken lau urteetan egindako atxikipenak itzultzeko erabakia orain hamar bat egun hartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Erabaki hori Espainiako zerga erregimenari eragiten zion epai baten ostean etorri zen: Auzitegi Gorenaren ebazpenaren arabera, errentan egindako atxikipen horiek ez ziren bidezkoak izan, laguntza Gizarte Segurantzaren subsidio bat zelako eta ez soldata bat. Salbuetsita gelditu behar ziren errentaren gaineko zergatik. Ebazpenaren ondorioz, Espainiako Ogasunak atxikipen horiek atzera bota eta bide horretatik azken lau urteetan —hori da epaiaren atzerako eraginaren epea— jasotako diruak itzultzeko prozedura abiatu berri du.
Nahiz eta Gorenaren epaiak euren atxikipenetan eragin zuzenik ez izan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoak aldundiek ere zerga horrekin jasotako dirua itzultzea erabaki dute, ziurrenez Gorenaren epaiaren zeharkako ondorioen beldur: euren arauen erredakzioa erregimen komunekoaren berdin-berdina zelako eta horrek balizko auziren bat galtzeko arriskua zekarrelako. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, hiruek, jada ezarri dituzte atxikipen horien itzulketa eskatzeko prozedurak.
Manifestazioa Iruñean
Nafarroako Gobernuak, berriz, itzulketarik ez duela egin behar uste du, besteak beste, foru erkidegoaren atxikipen arauaren erredakzioa desberdina delako, hots legea desberdina delako. Oposizioak (UPN,PSN eta PP) gogor gaitzetsi du erabaki hori. Ildo horretan, joan den larunbatean ama talde batek deituta, Iruñean manifestazioa izan zen, foru gobernuari atxikipen horiek itzultzeko exijitzeko. Horren ondotik PFEZaren amek dei egin diete joan den astean sustengu politikoa adierazi zieten alderdi politikoei itzulketa horiek ahalbidetzeko proposamena “aste honetan bertan” aurkez dezaten.
Ama taldearen arabera, haien mobilizazioa “ez da larunbateko manifestazioarekin amaitu”. Auzibidera jotzeko prest ere agertu dira. “Nafarroako amentzako bidezko tratua bermatuko duen legezko irtenbide baten alde borrokan jarraitzeko indarra daukagu”.