Patronalak soldatei buruz egiten dituen komentarioei datuekin erantzun nahi izan die ELAren azterketa bulegoak. Haren datuen arabera, Hego Euskal Herrian orduko lan kostua 26,8 eurokoa da enpresentzat, eta %20 handiagoa da eurogunean: 32,3 eurokoa.
Eurostatek EB Europako Batasunerako eta INEk Espainiarako soldaten egiturari buruz 2020an egindako inkestetan oinarritu da ELA bere txostena egiteko. Horretan ikusten denez, EBn alde handiak daude estatukide batzuen eta besteen artean. Orduko 40 euroren lan kostua dute Danimarkak, Luxenburgok eta Belgikak; kontrara, hamar eurora ez dira iristen Bulgaria, Errumania eta Hungaria.
Gutxi gorabehera bi taldeen artean legoke Hego Euskal Herria: 26,5 euroren lan kostua du. Gainetik ditu Frantzia (37,5) eta Alemania (36,6), eta azpitik, berriz, Espainia (22,8).
Datu horiek eskuetan, ELAk ez du arrazoirik ikusten soldata txikiagoak eskatzeko. «Gure lurraldea soldata txikiko lehiakide bihurtu nahi izatea akats bat da», ziurtatu du, eta hiru arrazoi eman ditu: lehenik, «argi dagoelako» enpresen lehiakortasuna beste faktore askoren menpe ere badagoela; bigarrenik, EBren barruan hainbesteko aldea egonik, «galdutako borroka izango litzateke soldata txikien lasterketa irabazi nahi izatea»; azkenik, «langileria eta gizartearen gehiengoa pobretzeko politika litzateke».