Hego Euskal Herriak inoizko afiliazio daturik onenak izan zituen apirilean

1.338.032 pertsona zeuden izena emanda Gizarte Segurantzan, martxoan baino 4.587 gehiago. Langabe kopurua %1,9 murriztu da hilabete batetik bestera.

Eraikuntza sektoreko bi langile, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko maiatzaren 6a
09:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirila hilabete ona izan ohi da enplegurako, eta aurten ere halaxe izan da Hego Euskal Herrian. Zerbitzuen sektorearen tiradizoaren eraginez, langabe kopurua %1,9 jaitsi zen. Horiek horrela, 136.302 langabe zenbatu zituen SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Martxoan zenbaturikoak baino 2.479 gutxiago dira horiek, eta iazko apirilean baino 3.492 gutxiago (-%2,5). 

Aste Santuak eragin handia du enplegu sorreran, eta Gizarte Segurantzan izen emaniko langile kopuruan ere sumatu da joera ona. Apirilean 1.338.032 ziren guztira, martxoan baino 4.587 gehiago (%0,4) eta iazko apirilean baino 16.142 gehiago (%1,22). Hala, inoizko afiliazio daturik onena izan zen. Aurreko marka iazko azarokoa zen: 1.335.519 afiliatu. 

Lau kontratutik hiru, aldi baterakoak

Sektoreka aztertuta, eta udaberrian ohi denez, zerbitzuetan jaitsi zen gehien langabe kopurua. Martxoan baino 1.852 langabe gutxiago zeuden zerbitzuetan, sorturiko lanpostuen hiru laurden. Deigarria da aurretik inoiz lanik egin ez eta lehen lanpostua aurkitu zutenen kopurua: 326 guztira. Industrian izan zen jardunik apalena, hamabost lanpostu sortu baitziren. 

Sexuaren araberako galbaheari dagokionez, apirilean zenbaturiko 136.032 langabeetatik 79.817 ziren emakumeak, guztien %58,6. Gizonezkoak, berriz, 56.485. Martxoko datuekin alderatuta, langabezian zeuden emakumeak 1.484 gutxiago izan ziren; gizonak, 986 gutxiago. 

Sinaturiko kontratuei dagokienez, apirilean 68.357 kontratu sinatu ziren guztira Hego Euskal Herrian, eta hamarretik zazpi behin-behinekoak izan ziren. Mota horretako 52.152 kontratu sinatu ziren, guztien %76,3; mugagabeak, berriz, 16.205 izan ziren. 

Gobernuak, pozik

Kopuruei erreparatuz gero, datuak onak dira, eta hala Eusko Jaurlaritzak nola Nafarroako Gobernuak balorazio baikorrak egin dituzte. Maria Txibite Nafarroako presidentearen ustez, apirileko datuek erakusten dute Nafarroak «hobetzen» jarraitzen duela, eta zehaztu du egungo egoera «2008ko apirilekoaren antzekoa» dela. Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak, berriz, nabarmendu du enplegu hori «ziurgabetasun giro batean» sortu dela, eta langabeziak zazpigarren hilabetez jarraian egin duela behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ohi denez, sindikatuek gehiago begiratu diote enpleguaren kalitateari. ELAk, esaterako, zehaztu du apirileko enplegu sorrera aurreko urteetakoaren antzekoa izan dela, eta Aste Santuko opor egunetarako eginiko sasoiko kontratazioak izan direla gehienak, «kalitatean inolako hobekuntzarik gabeak». LABek antzeko ondorioak plazaratu ditu, eta nabarmendu du inoiz baino langile prekario gehiago daudela, «sortzen ari den lanaren oinarriak prekarioak baitira». Uste hori azaltzeko, sindikatuak argudiatu du behin-behinekotasun tasa handitu egin dela kontratu berrietan. 

UGT eta CCOO leunagoak izan dira beren balorazioetan, baina ez dute bat egin erakundeen baikortasunarekin. EAEko UGTko enplegu arduradun Arantxa Niñok onartu du joera positiboa dela, baina zuzenean lotu ditu Aste Santuko kontratazioekin. EAEko  CCOOk, berriz, nabarmendu du urte arteko alderaketa eginez gero enplegu sorrera ikusten dela, baina datuei zorrotz erreparatuz gero «erne egoteko moduko» zantzuak daudela. Zer zantzu? Batetik, kontratu mugagabeen kopuruaren batezbestekoa txikiagoa dela, eta, bestetik, kalitate gutxiko enpleguak sortzen ari direla. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.