Hego Euskal Herriko aireportuetako jarduna apurka esnatzen ari bada ere, oraindik ohiko erritmotik oso urrun dabiltza. Ekaineko azken astean baimendu zituzten lehen hegaldiak, eta uztaileko bidaiari kopurua ez da iristen iaz hilabete berean mugitu zituzten laurdenera. AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen elkartearen datuen arabera, uztailean 150.866 bidaiari mugitu ditu Loiuk, iazkoen %25. Foronda izan da bidaiari gehien izan dituen bigarren aireportua: 6.053, iazkoen %34,5; Iruñea hirugarrena: 4.048, iazkoaren %16,4 eta Hondarribia azkena: 3.939, iazkoen %12.
Hegaldiei dagokienez zifrak hobeak dira: Loiuk hegaldien %39,7 izan ditu –uztailaren 15era arte Espainiatik kanporako hegaldi oso gutxi izan ditu–; Iruñeak %61, Hondarribiak %35,7 eta Gasteizek %90,2. Azken datu hori ulertzeko Forondaren ezaugarriak ezagutu behar dira, bertan jarduten duten konpainia gehienak merkantziak garraiatzen baitituzte, eta merkantzia garraioak gizakienak baino muga gutxiago ditu. Tonei dagokienez, iazkoen %91,5 mugitu zituzten Gasteizen. Miarritzeko aireportuak ez ditu datuak publiko egin.
Uztailera arteko datuetan ere aldea nabarmena da. Larrialdi egoeran ia ez zen hegaldirik egon eta argi ikusten da etenaren eragina datuetan. Loiutik 1.060.988 bidaiari igaro dira, iaz tarte berean pasa zirenen %31,2; 55.361 Hondarribitik, %29,7; 54.356 Noaindik, %39; eta 23,910 Gasteiztik, %23,9. Hegaldi kopuruari dagokionez, Gasteiz da gutxien nozitu duena, %17 baino ez da jaitsi; eta garraiaturiko merkantzia kopuruari erreparatuta %8,5 baino ez du murriztu tona kopurua. Iazkoarekin alderatuta Loiuk hegaldien %40,3 izan du, Noainek %48 eta Hondarribik %34,1.