Turismoa

Hegoaldeko hotelek iazko bisitarien erdiak jaso dituzte uztailean

Jarduera nabarmen handitu da ekainekoarekin alderatuta, baina iazko zenbakietatik urrun dabiltza hotelak. Bisitariek, oro har, egonaldi motzagoak egin dituzte.

Iruñeko Iruñea Park hotela. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 24a
12:38
Entzun

Hego Euskal Herriko hotelek 229.485 bisitari jaso dituzte aurtengo uztailean. Datuaren alde biko irakurketa egin daiteke: batetik, okupazioa nabarmen handitu da ekainarekin alderatuta, orduan 60.656 bidaiari soilik jaso baitzituzten, baina, bestetik, iazko okupazioaren erdira larri-larri heldu dira hotelak —443.703 bisitari hartu zuten ostatu orduan—.

Pixkanaka suspertzen ari da sektore turistikoa. Apirilean ez zuten jarduerarik izan, maiatzean ere gutxi, eta ekainetik uztailera jauzi nabarmena egin dute. Denera, 718 hotel egon dira zabalik uztailean —iaz, 904 izan ziren—, baina betetze maila ez da erdira ere iritsi: %30 izan da Nafarroan, %34 Araban, %37,2 Bizkaian eta %47,2 Gipuzkoan. Hain zuzen ere, Gipuzkoak hartu ditu bidaiari gehien: 80.361.

2019tik 2020ra izandako aldaketa bi ezaugarritan nabaritu daiteke: gertuko turismoak, proportzioan, nabarmen egin du gora, eta bidaiariek epe laburragoak igarotzen dituzte hoteletan.

Bisitariak iaz izandakoen erdiak baino gehiago dira, baina iaz baino gau gutxiago igaro dituzte. Aurtengo uztailean 426.311 gau igaro dituzte bidaiariek Hegoaldeko hoteletan, eta iazkoan, 83.682.

Gertuko turismoa

Gainera, ehunekotan, bidaiari horietatik gutxiago izan dira Hego Euskal Herritik edo Espainiatik kanpotik etorritakoak. Iaz halako 201.480 bidaiarik igaro zuten gauren bat Hegoaldeko hotelen batean, eta aurten, 67.288k.

Koronabirusaren krisiak kalte handiagoak eragin ditu Hegoaldean Ipar Euskal Herrian baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.