Hegoaldeko ia 200.000 langabeen %42k ez dute langabezia saririk jasotzen

196.856 langabe daude enplegu zerbitzuetan izena emanda, otsailean baino ia %3 gehiago eta iazko martxoan baino %8 gehiagoZerrendetan falta ziren 7.500 langabeak aintzat hartu gabe, 1.405 gutxiago lirateke

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Igoera aldez aurretik iragartzeak ez du egoera samurtzen: ariketa estatistikoak gorabehera, Hego Euskal Herrian ia 200.000 langabe daude, zehazki 196.856. Otsailean baino 5.534 gehiago dira, iaz baino ia 15.000 langabe gehiago. Zortzigarren hilabetez jarraian igo da langabezia. Gainera, ia 200.000 langabe horien %42k ez du langabezia saririk jasotzen. Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SPEE) estatistiketan sartu dituzte falta ziren Langairen zerrendako 7.500 langabeak, eta horrek handitu egin du saririk gabeko langabeen kopurua. SPEEn (INEM zena) izena eman gabe zeudenez, lehen ere ez zuten langabezia saririk kobratzen.

Hego Euskal Herriko langabezia nabarmen handitu da Espainiako Lan Ministerioak emandako datuetan. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako abisua eman zuen iragan astean, badaezpada, atzoko daturako prestatzeko: 7.500 langabe gehiago izango zirela martxoan, orain arte langabe horiek estatistika ofizialetatik kanpo egon direlako. Lanbiden langabezia datu ezberdinak bateratzean ikusi zuten 7.500 langabe horiek Langai Lanerako Euskal Zerbitzuaren zerrendan bazeudela, baina ez, ordea, SPEErenean, berez zerrenda batekoak besteari ere jakinarazi behar zaizkion arren.

Dena den langabeziaren hazkundea ez da izan aldaketa estatistikoaren parekoa. Otsailean baino 6.095 langabe gehiago izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, iragarritako 7.500ak baino 1.405 gutxiago. Nafarroan 561 langabe gutxiago izan direla aintzat hartuta, otsailean baino 5.534 langabe gehiago Hego Euskal Herrian.

Jaurlaritzak datuen interpretazio baikorra egin du. Estatistiketan kopurua handitu arren, enplegua ez dela suntsitu nabarmendu du. «Doikuntza administratiboa» egin ez balu, 1.405 langabe gutxiago izango zirela dio. Normalean martxoan langabeziak behera egin ohi du, baina iazko otsailetik martxora 982 langabe gehiago izan ziren.

1. Arabaren jauzia

Estatistiken hutsunea azaltzeko orduan Lanbideko arduradunek esan zuten 7.500 langabeak herrialde bakoitzean langabeziak duen pisuaren arabera banatuta zeudela.Hala ere, Arabako langabeziaren martxoko datuak ikusita, gehienak Arabakoak direla pentsa daiteke. Martxoan otsailean baino 2.647 langabe gehiago izan ditu: Hego Euskal Herriko gainerako probintziek baino igoera handiagoa, Arabako populazioa eta populazio aktiboa txikiagoak diren arren. Langabeziaren hazkundea ia %12koa izan da otsailetik martxora, eta ia %22koa iazko martxotik aurtengora. Arabakoa da Hego Euskal Herriko langabezia tasa handiena, %15,3koa.

Bizkaian eta Gipuzkoan langabe kopuruen igoerak ez dira hain nabarmenak izan; Nafarroan, aldiz, langabe kopurua txikitu egin da otsailetik martxora, eta 561 langabe gutxiago izan ditu.

2. Afiliazioak

Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek Gizarte Segurantzak emandako afiliazio datuei ere heldu diete irakurketa baikorra egiteko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako afiliazio berrien batez bestekoa otsailekoa baino 1.658 handiagoa izan da, %0,18 gehiago. Martxoko datu onena da, 2007tik.

3. Lan eskaerak

Langabeak 196.856 dira, baina enplegu bulegoetan lan eskaera egin dutenak 273.673. Alegia,75.000 langile inguruk izena emanda dute enplegu bulegoetan, lana aldatzeko asmoz.

4. Etorkinak

Langabeziaren igoera orokorra da, baina gainerako taldeetan baino handiagoa etorkinen artean (Espainiatik kanpoko etorkinak). Hego Euskal Herriko 196.856 langabeetatik 29.178 etorkinak dira, langabe guztien %14,8. Iaz baino 4.081 etorkin gehiago (%16,26) daude langabezian. Igoera %24,38koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

5. Kontratuak

73.963 kontratu sinatu ziren martxoan, horietatik 68.295, %92,33,behin-behinekoak. Otsailean baino 9.621 kontratu gehiago eta iaz baino mila kontratu gehiago dira. Kontratu finkoak proportzioan gutxi dira, baina otsailean baino %22 gehiago; aldiz, iazko kopuruekin alderatuz gero, %9 gutxiago dira. Behin-behineko kontratu kopuruak handitu egin dira, bai otsailetik martxora (%14) eta baita iazko martxotik ere (%2).

6. Langabezia sariak

Krisia luze jotzen ari da, eta langabe askoak jada agortu dute langabezia saria. 196.856 langabeetatik 114.095ek jasotzen duten langabezia sariren bat. Alegia, 82.761 langabek, %42k, ez dute jasotzen. Langabezia saria, batez beste, 966 eurokoak dira Gipuzkoan, 949 eurokoak Nafarroan, 939 eurokoak Araban eta 935 eurokoak Bizkaian.

7. Erreakzioak

LABek argi dauka: «Langabeziaren egoera uste genuena baino larriagoa da». Eta egoerak okertzen jarraituko duela uste du, ekonomia ahul dagoelako eta administrazioak gastu publikoa gutxitzenari direlako.

Confebaskek bat egin du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailaren bertsioarekin. Langaiko 7.500 langabeek kopuruetan izandako eragina kenduta, enpleguarentzat 2006tik izandako martxo onena izan dela nabarmendu du. Confebaskentzat lan merkatua egonkortzen ari da, nahiz eta oraindik ahula den.

Euskadiko CCOOrentzat gaur egungo datuak aurrekoak baino errealistagoak dira: «Denbora askoan, zerbitzuak bikoiztearen ondorioz, geure buruari iruzur egin diogu langabeziaren egoeraz».

EAJk zenbakiak «egokitzea» leporatu dio, «datuak itxuraldatzeko asmoz». «Egoeraren larritasuna» ikusita, astelehenean bilerara deitu ditu alderdiak erakundeetan dituen kargu nagusiak. Premiazko neurriak bultzatu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.