Garraioa

Hegoaldeko taxilariek bat egin dute greba deialdiarekin

Espainiako Gobernuak agindu die VTC baimenak lege dekretu baten bidez mugatuko dituela

Taxilarien karabana, Bilbo erdialdean. MIGUEL TOñA / EFE
Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 30a
12:56
Entzun

Ostiralean hasi zuten protesta Bartzelonako taxilariek, eta gutxika-gutxika beste hiri batzuetakoak batu dira. Asteburuan bat egin zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako taxilariek: 42 orduko grebara deitu zuten, gaur goizeko seietatik bihar gauerdira arte. Arabako elkarteak gaur goizean erabaki du Bizkaikoen eta Gipuzkoakoen protesta egitea. Nafarroan, berriz, Aitan elkarteak 13:00ak arteko lanuztera deitu zuen, baina ohartarazi du bihar egun osoan greba egiteko prest daudela.

Taxilarien Euskal Federazioko presidente Borja Mussonsen arabera, "erabatekoa" izan da greba Bilbon eta Bizkaian. Goizean taxi karabana egin dute bizkaitarrek Loiuko aireportuaren eta Bilbo erdialdean. Donostian, eguerdian ziren biltzekoak autobus geltokiaren inguruan. Larrialdiak estaltzeko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte taxilariek.

Bartzelonako taxilarien eta auto gidaridunak (VTC) eskaintzen dituzten beste enpresen arteko norgehiagokak eragin du gatazka. Taxilariak kexu dira. Diote lizentzia garestiak ordaindu behar dituztela beren zerbitzua emateko, eta, hortaz, enpresa horiek lehia desleiala egiten dietela. Haien protestei erreparatu zien iaz Espainiako Gobernuak, eta ebatzi zuen 30 taxilariko VTC baimen bakar bat eman behar zela. Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin zuen irizpide hori. Arazoa da hiri batzuetan kopuru hori aise gainditzen dutela VTC baimenak, besteak beste, Bartzelonan. 

Bartzelonako Metropolia (AMB) saiatu zen araudi baten bitartez egoera antolatzen, baina justiziarekin egin zuen topo. Lehia Batzordearen salaketa bati erantzunez, Bartzelonako araudia bertan behera utzi zuen Kataluniako Justizia Auzitegiak.

Madrilen bildu dira lau orduz taxilarien ordezkariak eta Espainiako Gobernukoak, arazoari irtenbide bat bilatzeko. Gobernuak agindu die irailaren 14ko ministroen kontseiluan lege dekretu bat onartuko duela 30 taxiko ratioa lege bihurtzeko. Proposamena ez zaie protesta eteteko nahikoa iruditu taxilarien elkartekoei, eta taxilarien batzarren esku utzi dute azken erabakia. Halaber, esan du Madrilen baimenen gaineko eskumena autonomia erkidegoen esku utziko duela —gaur egun berea da—.

Uber eta besteak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ez da 30 taxilariko VTC baimen bat izateko araua betetzen: VTC bakoitzeko 26 taxi baimen daude. Guztira, 2.121 taxi daude (1.229 Bizkaian, 654 Gipuzkoan eta 238 Araban), eta 83 VTC baimen (30 Bizkaian, 29 Araban eta 24 Gipuzkoan). Nafarroan, berriz, 37 baimen daudela ohartarazi du Aitan taxilarien elkarteak. "Haien atzetik enpresa talde indartsuak daude, eta haien asmo bakarra da adjudikazio horiek inbertsio funtsei saltzea; espekulatzea, alegia", azaldu du Kiko Asin Nafarroako taxilarien bozeramaileak. VTC baimen horiek bertako enpresek eskatutakoak dira, Uber, Cabify eta halakoak ez baitira artean Hego Euskal Herrira iritsi. Berez, Euskal Herrian Baionan eta Donibane Lohizune arteko Lapurdiko herrietan baizik ez du zerbitzua ematen: uztailean hasi zen, eta abuztu bukaera arte emango du.

Europako Justizia Auzitegiak ontzat hartu du Uber eta antzekoak arautu ahal izatea. Abenduan kaleratutako epai batean, ebatzi zuen Uber ez dela aplikazio soil bat, garraio enpresa bat baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.