«Badaude hainbat baserritar txekorrak Italian ere saltzen ari direnak». Adibide hori jarri du EHNEk haragiaren sektorearen egoera «jasaezina» salatzeko. Nekazarien sindikatuaren arabera, baserritarrek ezin dute haragia bertako dendetan saldu, eta batzuk Euskal Herritik kanpora ateratzen hasi dira.
Azken bi urteetan sektorearen egoera asko okertu dela azaldu du Aritz Katarain Gipuzkoako saileko arduradunak: «Lehengaien prezioa nabarmen igo da, eta etekinak atera beharrean zorrak egitera ailegatu gara». Baserritar bati kilogramo bat haragi ekoiztea 4,5 euro kostatzen zaio, baina prezioa 4 eurotara jaitsita ere ez dute saltzen. Hori dela eta, ekoizle txiki askok jarduera utzi dute edo beste aukera batzuetan pentsatzen hasi dira.
Atzerrikoarekin ezin lehiatu
Gipuzkoan saltzen diren hamar txahaletik ia zortzi atzerrikoak dira, eta ezin dute horrekin lehiatu. Garikoitz Nazabal EHNEko batzorde eragileko kidearen arabera, biak prezio berean edo kanpokoa merkeago saltzen da, baina bertako haragiaren kalitatea bermatuta dago, eta kanpokoarena ez. «Guk bermea ematen dugu, baina ez hemengoa delako, ekoizteko moduarengatik baizik». Euskal Herriko esplotazioak txikiak dira, eta, beraz, gizentze baldintzak, jarritako arreta eta hiltegi eta harategietako gertutasunak ziurtatzen dute kalitatea.
Horrez gain, kontsumitzaileek zer erosten duten ez dakitela salatu dute, atzerriko haragia ez delako legeak dioen bezala etiketatzen, eta ez dakitelako, besteak beste, zein baldintzetan gizendu diren animaliak. Euskal Herrian ekoitzitako haragiak, berriz, ikuilutik ateratzen den momentutik identifikatuta dagoela azaldu du EHNEk. Horregatik, dei egin die kontsumitzaileei dendetan bertako haragia eskatzeko.
Hemen ezin eta txekorrak Italian saltzen hasi dira baserritarrak
Sektorearen egoera «jasanezina» dela salatu du EHNEk, eta askok jarduera utzi behar izan dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu