Juanan Goñi. Guuk konpainiako, kontseilari ordezkaria

«Hemengo jendearekin ezin badugu egin, ez dugu egingo»

Guuk telefono operadoreak urtebete egin du. Hego Euskal Herrian soilik eskaintzen ditu zerbitzuak, eta 17.000 bezero lortu ditu; «ezberdintzat» dauka bere burua.

GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Seguru mintzo da Juanan Goñi Guukeko kontseilari ordezkaria (Getxo, Bizkaia, 1970), atzean talde indartsu baten babesa duelako, akaso. Dena den, sektorea oso lehiakorra dela eta «paradigma aldaketa baten atarian» dagoela azpimarratu du. «Zeinek daki hemendik gutxira non egongo garen gu». Berak argi du, halere: «Geratzeko etorri gara».

Urtebetean 17.000 bezero lortu dituzue, Hego Euskal Herriko merkatuaren %1,5 inguru. Asko ala gutxi da?

Pandemian hasi ginen, eta Europaosoko merkaturik lehiakorrenean: hogeitik gora operadore daude hemen. Beste edozein merkatutan operadore berri batek urtebetean lortzen duenaren oso gainetik gaude. Baina, zenbakietatik haratago, gauzak egiteko beste modu bat dagoela erakutsi nahi dugu: negozio eredu gardena eta zintzoa da gurea: zerbitzu on bat eskaini nahi dugu; ez gara prezioen lehian sartzen, ez dugu telefono bidezko kanpaina astunik egingo. Sektore honetan aritzeko beste modu bat dagoela sinesten dugu, eta bideragarria dela erakusten ari gara.

Guuk Masmovil da, ezta?

Guuk Masmovilen beste marka guztien aurka lehiatzen den proiektu independente bat da. Masmovil akziodun nagusia da, eta berak agintzen du kontseiluan, baina gainerako %40 bertakoen esku dago : Dominion, Elkargi eta Nafarroako Rural Kutxa.

Bertakook bertakoentzat sortutako egitasmoa dela diozue. Ezin da esan Masmovil Euskal Herriko enpresa bat denik gaur egun, ezta Dominion ere.

Ez dut eztabaida antzuetan sartu nahi. Dominion oso ongi ezagutzen dut. Masmovili buruz, jakin beharko genuke baloratzen Andoaingo harategi batean sortu zen operadore txiki bat noraino iritsi den: telekomunikazioen alorreko erraldoietako bat da egun. Herri honetan asko kostatzen zaigu halakoez poztea.

Masmovilek kontseiluan agintzen badu, Guuken estrategia ere berak markatuko du, ezta?

Masmovili eskatu diogu guk nahi dugun proiektua egiten uzteko, jakin badakigulako hemengo jendearekin gai garela aurrera egiteko. Guuken bertakook agintzen dugu, gure langile guztiak hemengoak dira, zuzendaritzako kideak eta call center-etakoak, denak; langileak hemen bizi dira, eta hemengo hizkuntzak erabiltzeko gai izan behar dute. Sortzen dugun enplegu guztia hemen sortzen dugu.

Taldean Euskaltelek du bezero gehien: %83 inguru harenak dira. Masmovilek Euskaltelen markari eutsiko dio. Guukek zer leku izango du taldean?

Taldeko besteekin elkarbizitzan eta lehian ariko gara, orain arte bezala. Gauza bat azpimarratu nahi dut: Masmovil gure kideetako bat da; Euskaltel, berriz, %100ean da Masmovil. Guri ez digu horrenbeste eragiten Masmovilen merkataritza estrategiak. Guri taldean egoteak mesede egiten digu haren sarea erabiltzen dugulako. Gauza bera Elkargiko enpresekin eta Rural Kutxako bulegoekin.

Baina pentsatzekoa da zuen lehiakide zuzena Euskaltel dela.

Ez du zertan. Eta, egia esan, gure negozio ereduak oso ezberdinak dira. Euskaltel, egun, Masmovilen beste marka bat da, besteen antzekoa, haren estrategiaren menpekoa; haren zerbitzuek gutxi dute euskal-etik.

Elkargi eta Nafarroako Rural Kutxa zuenean sartu izanarekin ere bilatzen duzue errotze hori?

Finantzen alorreko halako bi erakundek parte hartzeak asko pozten gaitu, halako operazioak egin aurretik oso sakon aztertzen dituztelako negoziorako aukerak. Guuken bideragarritasuna erakusten du horrek. Elkargik enpresa pribatu batean egiten duen lehen inbertsioa da, gainera. Horrekin, autonomoen eta enpresa ertain eta txikien esparrua landu nahi dugu. Rural Kutxarekin, bi kontu: Nafarroa ere gure eremua da, eta, bestetik, finantza entitateei erakutsi nahi diegu beren ohiko jardunetik haratago beste batzuetan aritu daitezkeela: telekomunikazioetan, adibidez.

Bankuak telekomunikazio zerbitzuak saltzen, eta telefono operadoreak, berriz, kredituak, etxeko energiak... Zer gertatzen ari da?

Badakit jendea harrituta dagoela. Baina hemen garrantzitsuena sinesgarritasuna da. Zerbitzu on bat ematen baduzu, bezeroak ondo artatzen badituzu arazo bat dutenean, eta, gainera, zintzoa eta gardena bazara, beste produktu batzuk saltzeko preskriptorea bihurtzen zara. Merkatua oihan bat da, eta jendeak erraztasunak nahi ditu; ahalik eta zerbitzu gehienak faktura batean biltzen badituzu, hobe. Horretara goaz.

Zuek ere bai?

Momentuz, nahikoa lan daukagu egiten duguna ondo egiten, baina euskal gizartean lortzen dugun balorazioaren araberakoak izango dira gure aukerak. Gauza bat argi daukagu: hemengo jendearekin ezin badugu egin, ez dugu egingo. Baina ez hemengoak direlako, egin behar duguna egiteko onak direla uste dugulako baizik.

Babesletzari garrantzi berezia ematen diozue, baina egungo eredua «agortuta» dagoela diozue. Zer proposatzen duzue?

Elastiko edo kartel batean marka jartzeagatik dirua emateak ez du proiektu horien bideragarritasuna ziurtatzen. Babesletzatik lankidetzara pasatu nahi dugu. Guk gure ezagutza eta gure baliabideak eskaintzen dizkiegu, adibidez, plataforma digitalak sortuz taldeen zuzenekoak-eta emateko. Horren bitartez bazkideak lor ditzakete, sare bat ehundu inguruetako eragileekin... Balioa. Horren trukean zer eskatzen diegu? Gure lanaren berri ematea ingurukoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.