Behin-behinean aske utzi dituzte Foruzaingoak deklaratzera deitutako lehen zazpi nekazariak

Deklaratzera deituta zeuden, baina uko egin diote deklaratzeari. Denera hemeretzi dira zitatu dituztenak; gainontzeko hamabiek bihar eta etzi aurkeztu beharko dute Iruñeko komisarian.

Foruzainen eta nekazarien arteko istiluak Nafarroako Parlamentuan, martxoaren 7an. IÑIGO URIZ / FOKU
Foruzainen eta nekazarien arteko istiluak Nafarroako Parlamentuan, martxoaren 7an. IÑIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 19a
13:15
Entzun

Oraingoz, Foruzaingoak hemeretzi nekazari deitu ditu deklaratzera martxoaren 7ko gertakariengatik. Lehen zazpi akusatuak Iruñeko komisarian aurkeztu dira goizean goiz, deklaratzeari uko egin diote, eta jarraian Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira eraman dituzte. Auzitegian ere ez dute deklaraziorik egin nahi izan, eta behin-behinean aske utzi dituzte. Gainontzeko nekazariek bihar eta etzi joan beharko dute komisariara.

Azalpenak Guillermo Txaberrik eman ditu, gaur epailearen aurretik pasatu direnen abokatuak. Esan du ez dutela deklaratu atestatua «oso berria» delako, eta ezin izan dutelako aztertu, eta gaineratu du azalpenak emango dituztela behin betiko epailearen deia jasotzen dutenean. Abokatua UPNko kidea da; besteak beste, alderdiak azken hauteskundeetan Iruñeko Udalerako aurkeztu zuen zerrendaren parte izan zen.

Duela 11 egun Nafarroako Parlamentuan gertatutakoagatik ari dira ikertzen hemeretzi nekazariak. Egun hartan, nekazari talde bat eraikinean indarrez sartzen saiatu zen, eta tentsio handia izan zen haien eta sartzea eragotzi zieten foruzainen artean. Akusatuek erasoan parte hartu zuten, baina ez dizkiete denei kargu berak egozten: batzuei erakunde publiko batean indarrez sartzea leporatzen diete, eta beste batzuei, berriz, autoritatearen aurkako atentatua egitea.

Martxoaren 7ko irudiak aztertu ostean identifikatu dituzte. Nafarroako Parlamentuak parte hartu du ikerketan, baina ez da aurkeztu akusazio partikular gisa; Nafarroako Gobernua ere ez. Ikerketa zabalik dago oraindik, eta litekeena da Foruzaingoak jende gehiago deitzea deklaratzera.

Erasoaren inguruko eztabaida

Gertakarien egunean, nekazariek elkarretaratzea egin zuten parlamentuaren aurrean, eta aurrekontuak onartzeko osoko bilkuran sartzen ahalegindu ziren. Foruzainek atean eten zieten bidea, borra kolpeka eta bultzaka. Ez zen argi geratu zer asmo zuten. Goizeko saioa amaituta, nekazariak korrika ibili ziren, parlamentutik autoan atera ziren legebiltzarkideen atzetik, irainka. Maria Txibite gobernuko lehendakariaren aurka oso hitz gogorrak erabili zituzten.

Astelehenean, berriz, Nafarroako Parlamentuko taldeak ez ziren gai izan ostegunean gertatutakoa gaitzetsiko zuen adierazpen instituzional bat onartzeko. Unai Hualde legebiltzarreko presidenteak testu bat aurkeztu zuen, parlamentuan «indarrez sartzeko» eta instituzioari «eraso» egiteko saioa gaitzesteko. UPNk ez zuen gertaera hori «erasotzat» jo nahi izan, eta PPk bat egin zuen interpretazio horrekin. Biak abstenitu egin ziren, eta Voxek aurka bozkatu zuen. Parlamentuko araudia aldatu zenetik, adierazpenak aho batez onartu behar dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.