Nafarroako Parlamentuak ez du adierazpenik onartu, eskuinak ez baitu ostegunekoa erasotzat jo

Unai Hualdek eta UPNk adierazpen bana aurkeztu dute osteguneko gertaerak gaitzesteko. UPNren arabera, nekazariak kriminalizatu nahi dira. PSNk galdegin dio Esparzari parlamentura sartzeko ahaleginean ziren UPNko bi hautetsi kargutik kentzea.

(ID_13677815) ESPAÑA PRESUPUESTOS NAVARRA
Ostegunean, laborari talde bat parlamenturik ateratzen ari diren parlamentariei oihuka. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko martxoaren 11
13:25
Entzun

Nafarroako Parlamentuko taldeak ez dira gai izan ostegunean gertatutakoa gaitzesten duen adierazpen instituzional bat onartzeko. Unai Hualde legebiltzarreko presidenteak testu bat aurkeztu du, iragan ostegunean nekazari batzuk parlamentuan «indarrez sartzeko» eta instituzioari «eraso» egiteko saioa gaitzesteko. Gaur, testu hori aztertu du Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak. UPNk ez du gertaera hori «erasotzat» jo nahi izan, eta PPk bat egin du interpretazio horrekin. Biak abstenitu egin dira, eta Vox-ek aurka bozkatu du.

Testuak bi puntu zituen. Lehen puntuan, gaitzetsi eta deitoratu egiten zen bortxakeriaz legebiltzarrari eraso egiteko saioa. Bigarren puntuan, nabarmentzen zen parlamentuak «izaera irekia» duela eta elkarteen aldarrikapen legitimoak aintzat har ditzakeela «dagozkion bideak aukeratuz gero».

Parlamentuko Araudia aldatu denetik, adierazpenak aho batez aurkeztu behar dira, eta, ondorioz, ez da posible izan talde guztiek baiezkoa bozkatzea.

UPNri antzera gertatu zaio. Hiru puntuko beste adierazpen bat aurkeztu du. Lehen bi puntuetan Hualdek proposatutako agiriko hitz berberak erabiltzen dira, baina eraso hitza ez du erabili nahi izan. Gainera, azken puntuan, Foruzaingoari «babes osoa eta erabateko aitortza» adierazi zaio. Adierazpen horren aurrean abstenitu egin dira PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta Vox.

Martxoaren 7an, nekazari talde batek bultzaka eta indarrez sartu nahi izan zuten Nafarroako Parlamentuan. Foruzaingoak galarazi egin zuen, eta ateak itxi zituen, baina tentsio uneak sortu ziren. Ez zen argi geratu zein zen nekazari horien asmoa ere. Egun hartan Nafarroako aurrekontuak eztabaidatzen ziren. Hasieran, nekazarien zerga kenkariak arabarrekin parekatzeko ahozko zuzenketa bat ez zen tramiterako onartu, eta horrek kanpoan ziren nekazarien haserrea areago zuen. Parlamentura sartzen ahalegindu ziren 10:20ean. Gero, goizeko saioa amaituta, nekazariak korrika ibili ziren parlamentutik autoan atera ziren legebiltzarkideen atzetik, irainka. Maria Txibite gobernuko lehendakariaren aurka oso hitz gogorrak erabili zituzten egun osoan.

UPN: «Ez da Kapitolioa»

UPNko Javier Esparzak nabarmendu du gertaerak irmo gaitzesten dituztela, baina hura ez dela eraso bat izan. «UPNk ez du inor kriminalizatu nahi, ez du sektore oso bat kriminalizatu nahi, batik bat berehala barkamena eskatu badute». Haren ustez, beste taldeek ostegunekoa 2021eko urtarrilaren 6ko AEBetako Kapitolioaren aurkako erasoarekin parekatu nahi izan dute. «Ez da esajeratu behar, inondik ere. Antolatu gabeko ahalegin bat izan zen, bat-batekoa, parlamentuak haiek entzuteko asmo bakarrarekin. Urduritasunaren emaitza izan zen».

Aldiz, PSNko Ramon Alzorrizen ustez, hura ez zen bat-bateko saioa izan, eta «koordinazioa» egon zen eraikin barruko pertsonen eta kanpoan zirenen artean. Eledun sozialistak iradoki du eskuineko taldeetan norbaitek informazioa pasatu ziela. Gogora ekarri du parlamentura sartzen ahalegindu zirenetako bat Elizagorriako UPNko alkatea izan zela, eta beste herri bateko UPNko hautetsi bat. «UPNk oraindik ez ditu kargutik bota, guk hori egingo genukeen». Esparzak erantzun dio ez duela ulertzen zergatik egin duen «hain akusazio larria». Irudietan hala agertu bada ere, ez du baieztatu nahi izan UPNko hautetsirik bertan zela. Ukatu egin du ere UPN kanpokoekin harremanetan zenik.

Dena den, Alzorrizi deigarri egin zaio zergatik ez duen erabili nahi UPNkeraso hitza. «Zer gertatuko zen parlamentuari eraso egiteko saioa beste talde batzuek egin izan balute, zer esango zuen UPNk ezker abertzaleak bultzatuta egin izango balitz?».

EH Bildu: «Ez da modua»

EH Bilduko Laura Aznalek adierazi du beraiek begi onez hartu dutela UPNk bere proposamenean Foruzaingoari babesa adieraztea, baina ez dutela ongi ikusi ere erasotzat jo nahi ez izatea. «Ostegunean gertaera tamalgarriak bizi izan genituen. Beti adierazi dugu manifestazioak direla. Lehen sektorea balioetsi dugu, eta bere aldarrikapen batzuk partekatzen ditugu, baina ostegunean gertatu zena ez da modua, ez da bidea».

Geroa Baiko Pablo Azkonaren ustez, gertaerok ezin dira berriro errepikatu. «Erakunde honek nafar guztiak ordezkatzen ditu, eta herritarrengana iristen diren proposamenak modu lasaian eztabaidatzen ditugu». Haren ustez, gertaerak «oso larriak» dira, eta ezin dira gutxietsi.

Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanen arabera, erasoak ez du aurrekorik, eta ez da onargarria parlamentuan indarrez sartu nahi izatea.

PPren ustez, «guztiz sobera» zegoen laborari horien saiakera. «Ulertzen ditugu euren eskaerak eta ulertzen dugu etsituta daudela, baina ez gaude ados aldarrikatzeko modu horiekin». PPri egokiago iruditu zaio UPNren testua, eta horregatik egin du haren alde.

Voxek, lehen adierazpenean, kontra bozkatu du, eta bestean abstenitu egin da. Eskuin muturraren arabera, laborariak kriminalizatu nahi dira, eta guztia kaleko jantzitako foruzain batek hasi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.