Hemeroteka

Igandeko erreferendumaren emaitzari eta ondorioei buruzko irakurketak oso desberdinak izan dira herrialde batetik bestera, eta hedabide batetik bestera. Hona hemen horietako hiru:

2015eko uztailaren 6a
20:08
Entzun

Nick Malkutzis. Financial Times

“Garai gogorren promesak baino gehiago merezi dute greziarrek”

“Joan den astean Jean Claude Junckerrek eskatu zien greziarrei beren buruaz beste ez egiteko heriotzaren beldur izateagatik. Dramatizatzen ari zen, noski: Grezia [eurotik] irtengo balitz ere,    bizitza izango litzateke, nahiz eta hainbat urtez gogorra izango den. Baina igandeko erreferendumaren biharamunean ahaztu behar ez den egi mingarri bat aipatu zuen: greziarrek ez dute, metaforikoki, beren bizitza amaitu nahi. Baina askok beren bizitza hobetzeko itxaropena baztertu dute.

Ezezko botoa eman zuten batzuk ezagutzen ditut. Batzuek subiranotasun nazionalaren amets idealistak erosi zituzten; beste batzuk suminduta daude hartzekodunek beren herria nola tratatu dituen ikusita. Baina min handiena eman didate eurotik ateratzeko aukeraren aldeko botoa eman duten senideek eta adiskideek, nekatuta daudelako, eta uste dutelako beren liderrek eta Europan erabakiak hartzen dituztenek abandonatu egin dituztela.

[…] Igandeko botoaren atarian, Greziako oposizioko alderdi nagusiek eta kreditu emaileek argudiatu zuten gauzek askoz okerrago egingo luketela jendeak ezetz bozkatuz gero. Errutina hutsa bihurtu da: duela sei urte krisia hasi zenetik, greziarrek etorriko diren garai gogorrez ohartarazpen gordinak jaso dituzte okerreko hautua eginez gero. Gehienek aholkua onartu dute, baina garai gogorrak berdin-berdin etorri dira. Aurrekari gutxi dituen austeritate programa bat jasan dute greziarrek, eta mundu garatuak gutxitan ikusitako depresio dramatikoenetako bat. Gastu murrizketa eta zerga igoera gehiago ez den zerbait itxaropentsuagoa entzun behar dute herritarrek”. […].

Stefan Kornelius. Suddeutsche Zeitung

“Greziak euroan egin duen bidaia bere azkenetara iritsi da”

“[…] Epaia idazteko ez da leku handirik behar: Gobernu horrekin, Greziak euroan egin duen bidaia bere azkenetara iritsi da. Hemezortzi herrialde europarren aurkako kanpaina onartezin baten ondoren, [beste gobernuei] terroristak eta zapaltzaileak deitu ondoren, irainen eta distortsio gogorren ondoren, ez dago oinarririk euroguneak Greziarekin kooperatzen jarrai dezan.

Asteartean euroguneko goi bilera bat izango da. Beren burua babesteko besterik ez bada, euroguneko beste hemezortzi kideek atea erakutsi behar diote Greziari. Ez badute egiten, muturreko jarrerak sustatuko dituzte beren herrialdetan. Tsiprasek erreferendum bat nahi zuen diru batasunaren arauei buruz. Arau horiek baztertzearen alde egin du borroka eta gehiengo bat lortu du. Orain ondorioak onartu beharko ditu.  

[…] Kosta ahala kosta Grezia euroaren barruan mantentzearen aldeko argudio bikain handiak entzun ditugu azken hilabeteotan. Kreditu emaileek aukera politiko guztiak ustiatu dituzte Atenasen eskaerekin bat egiteko. Baina orain unea iritsi da negoziazio eta itun gehiagok [euroguneak] bere burua zauritzera eramango luketela. Erreserbak agortuta daude.

Atenasen ospatu egingo dute. Baina Grezian ere askok dakite garaipen pirrikoa lortu dutela. Alexis Tsipras Pirro I.goaren ordezkoa da".


Robert Peston BBC News

“Kostu izugarriak ditu Greziak euroan jarraitzea edo uztea”
 

[…] Greziaren patua beti egon den lekuan dago, Angela Merkelen eta beste gobernuburuen magaletan. Eta honakoa egin behar duten kostuen analisi beldurgarria da.

Umiliatuta izatea onar dezakete eta 2009az geroztik gauzatu den hondamendiaz geroztik Greziari emandako 200.000 milioi euroren erreskatearen erdia barkatzea erabaki dezakete, hartara Greziak finantza oinarri sendoak izateko euroan jarraitu ahal izateko.

Portugalen eta Irlandaren administrazioentzat gomitu platerkada hotz baten antzekoa izango litzateke hori, inoiz ez baitiete halako barkamenik eskaini beren diru xahutzeen truke. Eta Alemaniako boto emaile askok ez lukete ulertuko zergatik Merkel andereak zergatik botatzen duen diru gehiago zakarrontzira. Baina Merkelek esan ahal izango luke euroko kide izatea betirako dela, eta EBZ babestuko luke Grezian pila dezakeen 140.000 milioi euroren galeraz. […]

Eta zer gertatuko litzateke Alemaniako politikari askok orain ahots ozenarekin diotena gauzako balitz, hau da, Grezia merkatu globalen mundura botatzea bere diru propioarekin. Tira, hori ere oso garestia izango litzateke. Greziak ia dibisa erreserbarik ez du (again 2.000 edo 3.000 milioi urrean, beste banku zentral baten kutxetan). Horrek esan nahi du berehala geratuko litzatekeela oinarrizko inportaziorik gabe, lehengaietatik hasi eta janarira edo botiketara, kanpoko hornitzaileek ez lituzketelako onartuko Greziatik diru berri susmagarri batekin egindako ordainketak.

Bankariek esan didate hondoratze ekonomiko erabatekoa eragozte aldera NDFk eta euroguneak 25.000 milioi eman beharko lioketela Greziari, drakma berrirako trantsizioa errazteko. Greziak ezin du  esportazioekin ordaindu inportatu behar duena, haren esportazioak BPGaren %13 baizik ez direlako.

Beste era batera esanda, euroan geratzea izugarri garestia izango litzateke Greziarentzat eta eurogunearentzat. Eta eurotik ateratzea ere izugarri garestia izango litzateke Greziarentzat eta eurogunearentzat.

Baina Greziako banku sistema hondoratzeko bidean dagoela, euroguneko liderrek ordu gutxi dituzte erabakitzeko zein faktura pagatu nahi duten”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.