Herbehereetako DSBk porrot egin du, bezeroek ihes egin baitute

Hamar egunean 600 milioi euro atera dituzte gordailuetatik, bankuan jasotako sei eurotik bat

Erredakzioa
Donostia
2009ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Krisiak beste finantza erakunde bat utzi du bide bazterrean: Herbehereetako DSB bankua.DSBren porrota aitortu zuen atzo epaitegi batek. Bezeroek hamar egunean 600 milioi euro atera dituzte bertatik, gordailuetan jasotako sei eurotik bat. Dirua atera ez zuten bezeroek dirua berreskuratu ahal izango dute gordailuen bermearen bitartez. Hori bai, bermeak gehienez 100.000 euro emango dizkio bezero bakoitzari kontu korronteengatik.

DSBk arazoak izan ditu urte hasieratik. DSB ezaguna da diru sarrera gutxien dutenei dirua emateagatik. Baina bezeroak kexu ziren aseguru poliza garestiengatik eta bankuaren jokaerarengatik. Kalitate txarreko hipoteka maileguek kaltetutako talde batek dei egin zien bezeroei dirua bankutik ateratzera, eta bezero askok jaramon egin zuen.

DSBk astebete zeraman Herbehereetako Banku Nazionalaren esku. DSB erosteko eskaintzak egin dituzte, baina porrot egin dute. Bai Lone Star Funds AEBetako arrisku kapital konpainiarenak, bai zenbait bankuk osatutako partzuergoak egindakoak. Partzuergoan zeuden ING, SNS Reaal, Rabobank, Fortis eta ABN Amro.

Laguntzarik ez

Finantza aditu batek beste aukera bat eskaini zuen, baina horretarako Herbehereetako Gobernuak ehun milioi euroko laguntza publikoa eman behar zion bankuari. Wouter Bos Finantza ministroak aukera hori baztertu zuen, laguntza publikoa emateko bankuaren arazoak krisi ekonomikoak eragin behar baititu,eta, Bosen esanetan, hori ez da DSBren kasua.

Herbehereetako Gobernuak bankuaren kudeaketa eta kudeatzaileak ikertuko ditu. Tartean, baita Gerrit Zalm Finantza ministro ohia ere: Zalm DSBko finantza bulegoko burua izan zen eta ABN Amroko zuzendari exekutiboa da gaur egun.

DSB banku txikia da, baina Herbehereetan oso ezaguna da, goi mailako kirol ekitaldiak eta kirol taldeak babesteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.