Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak gaur Eusko Legebiltzarraren atarian azaldu duenez, herri lan publiko batzuetan ez dira lan hitzarmenak batere errespetatzen. Azpikontratetan gertatzen dira irregulartasun gehienak, ELAren arabera, administrazio gehienak ez baitira arduratzen beren obren adjudikazioa eskuratu duten enpresen jokabidea kontrolatzen.
"Badira lan egindako ordu bakoitzeko bost euro kobratzen dituzten langileak ere". Horren arrazoietako bat herri lan publikoetarako gero eta diru gutxiago eskaintzen dutela administrazioek. "Kasu batzuetan aurretik pentsatutako prezioan %37ko murrizketa egiten dute, eta horrek ez du ematen hitzarmena betetzeko".
Nafarroan ere, aurki
ELAren arabera, herri lan publikoetan lan itunak betetzearen ardura ez da soilik enpresena, baina baita administrazioena ere. Horregatik aurkeztu du herri ekinaldi legegile bat Eusko Legebiltzarrean, obra publikoetan enpresak azpikontratatzen direnean lan itunak errespetatu egiten direla ziurtatzeko. Gai horren inguruan lege bat egitea eztabaidatzeko 30.000 sinadura behar dira, baina 110.000 aurkeztu ditu sindikatu abertzaleak, militanteen "lan bikainari esker". Nafarroako Parlamentuan ere eskaria egiteko prozesua hasi du; 7.000 sinadura behar ditu.
Edonola ere, Muñoz kritiko azaldu da herri ekinaldi legegileari buruzko legediarekin. Salatu du ezin dela edozer gairi buruz aurkeztu —zerga sistemari buruz, esaterako—, eta legebiltzarrak ez daudela behartuta proposamen horien inguruan legeak egitera. "Beste herri batzuetan, nahiko sinadura bildu direnean, herritarrek erreferendum bidez bozkatzen dute herri ekimen legegile hori lege bihurtzen den ala ez". Ondorio bat atera du Muñozek: "Legea mundu ekonomikoaren neurrira egindakoa da".
Gipuzkoako kasua
Gipuzkoako Batzar Nagusiek iazko uztailean onartu zuten foru arau bat lurralde horretako aldundiak esleitzen dituen herri lanetan lan hitzarmenak betetzen direla bermatzeko. Aldundiak lau sindikatu nagusiekin negoziatutako araua izan zen, eta Bildu, PSE-EE eta Aralarreko batzarkideen babesa jaso zuen. Foru araua ez da guztien gustukoa izan, eta Lehiaren Euskal Batzordeak haren aurkako salaketa jarri zuen udazkenean. Otsailean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen araua behin-behinean eteteko eskaria.